Tabirako gaztetxea

'Baguez gure espazio bile': Gazteek gune baten premia dutela uste duzu?

Anboto 2014ko urr. 31a, 10:25

Joan zen eguenean Baguez gure espazio bile dinamika aurkeztu zuten 40 bat gaztek. Gazteen premiak asetzeko herrian espazio bat behar dela adierazi zuten, eta alkateari eskaera zuzena egin zioten. Udaletxe parean dagoen Correosen eraikin zaharra gazteentzako gune izatea gura dute. Barikuan eskaera ofiziala sartu zuten udaletxean. Durangoko lau gazteri galdera luzatu diegu gazteen premia honi buruz.

Ane Gabilondo 19 urte
Nik uste dut gazteok interes eta behar batzuk dauzkagula, eta ez daukagula lekurik horiek aurrera eroateko. Durangon bizi gara, eta gazteok ez dugu elkar ezagutzen. Bakoitza bere lokalean sartuta edo tabernetan egoten da, kuadrillaka antolatuta, eta ez dakigu besteek zer pentsatzen duten.

 

Markel Sánchez 23 urte
Beharrezkoa da, batez ere, herri mugimenduan dabiltzan gazteek eta kultur mailan mugitzen diren gazte guztiek azpiegitura bat eduki dezaten. Izan ere, arazo handi bat da non batu edo gauzak non sortu ez edukitzea. Gainera, espazioak balio dezake horretan ez dabilen jendea zerbaitetan hasteko.

 

Luisa Oleaga 20 urte
Interesgarria da gazteen arteko komunikazioa bultzatzeko, eta tabernetara bakarrik ez mugatzeko. Beste kuadrilla batzuetako jendea ezagutzea erraztu ahal dizu, eta antzeko interesak edukiz gero, ekintza kulturalak elkarrekin egitea. Autogestionatua izateak dakarren inplikazioa ere garrantzitsua da.

 

 Elene Landia 19 urte
Nik uste dut gure proiektuak aurrera eroateko leku bat behar dugula. Eta, gazteentzat bakarrik ez, herri osoarentzat ikusten dut beharrezko. Jende nagusiagaz edo etorkinekin harremana edukitzeko eta ikasteko, adibidez. Horrek asko aberastu ahal zaitu, eta estereotipoak apurtzeko ere balio dezake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!