Etzi Burgosi irabazten badio, lidergoa eskuratuko du DRTko gizonen talde nagusiak

Anboto 2014ko urr. 24a, 12:56
DRTko gizonen talde nagusia eguazteneko entrenamenduan Ines Etxegibelen azalpenak entzuten. Argazkia: Ainara Petite Madariaga.

DRTko gizonen talde nagusian erabateko aldaketa eman da iazko denboralditik aurtengora. Iaz partidu bakarra irabazi zuen. Aurten, bost partiduren ostean, ez daki galtzea zer den oraindik: lau garaipen eta berdinketa bat. Sailkapeneko bigarren tokian dago, eta domekan, 12:30ean, Burgos liderrak bisitatuko du Arripausueta. Lidergoa egongo da jokoan.


Durango Rugby Taldea sortu zenetik –25 urtetik gora– bertako presidentea den Joan Manuel Iriondo Txapok denetarik ikusi du: momentu onak, txarrak, hala moduzkoak… Taldea nondik datorren eta nora doan dakienik inon bada, bera da. Taldearen martxa ona azaltzeko hainbat faktorek bat egin dutela uste du. Guztiaren oinarrian orain urte batzuk markatu zuten norabidea dago: “Harrobiko lana eta errugbi eskola baten sorrera. Gaur egun talde nagusian dabiltzanetako gehienak DRTko beheko mailetatik apurka etorritako jokalariak dira”. Alde horretatik, Aratz Gallastegiren lana azpimarratu du.

Ondoren, Ines Etxegibelen etorrera dago: “Jokalariek, beharbada, ez zuten ondo barneratu aurreko entrenatzailearen mezua, baina Inesena segituan barneratu dute. Uztaileko batzar batean jokalariei argi azaldu zien zer eta zelan nahi zuen, eta jokalariak topera dabiltza!”. Defentsa lana asko hobetu dute, entrenamenduetan asko lantzen dutelako: “Aurten askoz gaitzagoa da guri entseguak egitea”. Defentsa sistema asimilatu ostean, erasoko jokoa hobetzea izango da hurrengo erronka.

Taldea utzita izan duten jokalarien etorrerak ere balio izan du pizgarri moduan. Beñat Espinosa eta Paul Larrabeiti, esaterako, errugbira itzuli dira, eta “gazteek jokalari horiek ikusten dituztenean, ilusioz gainezka daudela ikusten da”. Aurten 35-40 jokalari batzen dira entrenamenduetan, eta “kopuru hori ez zen normala aurreko urteetan”. Arripausuetara hurreratzen den zale kopuruak ere gora egin du; etxeko azken partiduan 400 bat zale batu ziren.

Testuinguru horretan, domekako norgehiagoka taldeak aurten zer eman dezakeen ikusteko proba ona izango dela uste du Iriondok. Burgosek hainbat atzerritar ditu –ingeles bat eta argentinar bat, adibidez–, baina “guk etxeko partiduetan konplexu barik jokatu, eta irabaztera irten behar dugu”, adierazi du Iriondok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!