Kolaborazioa: "Lidergoa jokoan"

Bosgarren jardunaldia bete denean, hor ditugu durangarrak, aspaldiko partez, sailkapeneko goiko postuetan. Pare bat urte azken postuetan eman ondoren, eta partiduetan izugarri sufritu ostean, Ines Etxegibelek zuzentzen duen taldeak lidergoa eskura du asteburu honetan. Zeintzuk dira aldaketaren gakoak? Nire ustez, hainbat dira.


Batetik, entrenatzaileen lana aipatuko nuke, Inesena, baina baita Ricardo Acostarena, bakoitzak bere ezaugarriekin (baina beti lana, lana eta lana). Bestetik, azpimarragarria da jokalari batzuen itzulera. Ez da nire asmoa jokalari zehatz batzuk goraipatzea, baina Paulek, Dimak eta Hercek indarra eta kemena dosi handietan eskaintzen diote taldeari. Eta hirugarrenik, agian funtsezkoena, azken urteetan hor aritutako jokalariak izugarri hazi dira. Zer esan nahi dut? Irabaztea erraza izan daiteke, baina galtzeak eta sufritzeak jokalariak haztea dakar, eta badago jokalari multzo bat irabazteko gogoa eta grina zuena, eta jokalari horiek orain izan dute barruan zuten kalitatea erakusteko aukera (Termi, Mikel, Beñat, Zorion, Pepi, Enrike eta abar). Horiekin batera, aurreko batean aipatu nuen belaunaldi berriaren etorrera.

Noiz arte? Galdera gaitza; azken momentura arte hor aritzeko itxaropena eduki behar da, baina batek daki! Garrantzitsuena da asteburuan liderra hartuko dutela Landakon, Burgosko Aparejadores taldea. Irabaziz gero, lidergoa! Hor dago erronka, baina azken urteotako sufrimenduaren ondoren, merezitako saria jasotzen ari dira. Eutsi goiari DRT!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!