“Nire lorpenekin pozten diren denei eskaintzen diet igoera”

Anboto 2014ko mai. 26a, 14:31
Eneko Boveda Eibarko futbol jokalari durangarra
Eibarrek Lehen Mailarako igoera historikoa lortu zuen atzo Ipuruan Alaves menderatuta (1-0). Eneko Boveda durangarrak, lesionatuta, harmailetatik “oso urduri” jarraitu zuen partidua.

 

Eibarrek aurrenekoz Lehen Mailan jokatuko du datorren denboraldian eta lorpen horren protagonistak klubeko historiara igaro dira. Protagonista horietako bat Eneko Boveda durangarra da. Aurten pisu handia izan du taldean, baina azken hile eta erdia lesionatuta darama eta atzo harmailetatik jarraitu zuen partidua: “Oso urduri egon nintzen, normalean baino urduriago. Ez zen gure partidurik onena izan. Taldekideekin berbeten egon nintzenean esaten zidaten igartzen zutela urduritasuna, eta, dena ondo amaitzeko gogo eta desio hori zutela. Azkenean dena ondo irten zen”.

Eibarrek 1-0 menderatu zuen Alaves ‘Jota’ Peleteirok 62. minutuan sartutako gol bati esker. Jardunaldi biren faltan igoera matematikoa lortzeko, ordea, Las Palmasek bere neurketa ez irabaztea ere behar zuen Eibarrek. Las Palmas eta Recreativo de Huelvaren arteko partidua 45 minutu geroago hasi zenez, jokalariak aldageletan batu ziren bigarren zatia ikusteko: “Las Palmasek irabazi egingo zuela uste genuen eta uste horiek handitu egin ziren 2-0 zihoazela ikusita. Recreativok lehen gola sartu zuenean, partidua amaitu arte ikusi behar genuela esan genion elkarri, miraria gertatu zitekeelako. Eta gertatu zen. Recreativoren golak geureak izango balira lez ospatu genituen. Ondoren Ipuruako zelaira irten ginen ospakizun posiblearen esperantzan harmailetan geratutako zaleekin batera ospatzera”. Aurtengo lorpena iazkoari gehitu behar zaio; izan ere, Eibarrek igoera bi lortu ditu bata bestearen atzetik: Bigarren B Mailatik Lehen Mailara: “Igoera nire lorpenekin pozten diren denei eskaintzen diet”.

Berdeguneko etxeko lanak eginda, orain bulegoko gorabeherak adi jarraitu beharko dituzte. Izan ere, Eibarrek 1,7 milioi euroko kapital handikuntza egin behar du abuztuaren 6a baino lehen; bestela Bigarren B Mailara jaitsiko litzateke. Klubak webgune bat bideratu dut interesatuentzako: www.defiendealeibar.com/. Normala den moduan, kontu honek “arduratuta” dauka taldea: “Orain, igoera lortu ondoren, espero dugu jendea errazago batzea; Lehen Mailako taldeak beti du oihartzun handiagoa eta hori da apur bat gure esperantza. Baina, bai, kontuak arduratuta gauzka”.

Lesioaren azken fasean

Eneko Boveda lesionatuta dago azken hil eta erdian:  belauneko alboko lotailua partzialki apurtu zuen. Errekuperazioaren azken fasean sartuta dabil durangarra. Korrika egiten du, baina oraindik ez da baloiarekin lanean hasi. Aurrera begira zer? “Behinena lesiotik ondo errekuperatzea da. Nik datorren urterako kontratua dut Eibarren. Ondoren, udan, klubean bulego lan handia egongo da eta ikusiko dugu zertan amaitzen den”.

 

Otsailean Anboton egin genion elkarrizketa IRAKURTZEKO.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!