"Iaz oso ondo jokatu zuen taldeak, eta aurten ere badago halako kimika irabazle bat"

Anboto 2014ko ots. 6a, 08:30

Eneko Bovedak Telekomunikazio Ingeniaritza teknikoko ikasketak amaitzen ari da Bilbon
Eneko Bovedak aurtengoa hirugarren denboraldia du Eibar taldean; zuntz haustura batetik irten berri, titular izan zen joan zen asteburuan; sailkapenean hirugarren tokian kokatuta dauden arren, oraindik behinena mailari eusteko adina puntu batzea dela dio.

 

Orain hiru urte bidegurutze batean aurkitu zen Eneko Boveda: Athleticen filialean jarraitu, helduko ote zen seguru ez zegoen aukera baten zain, ala taldez aldatu, eta beste bide bati ekin. Azken hori aukeratu zuen, eta denborak arrazoi eman dio. Iaz igoera lortu zuen Eibarregaz, eta orain Bigarren Mailako hirugarren postuan dago Eibar.

 

Denboraldi hasieran nork esango zizuen hirugarren, eta lidergotik gertu egongo zinetela?

Nik uste pentsatu ere ezin zitekeela egin horrelako emaitzak lortuko genituenik. Bigarren Mailan aurrekonturik txikiena dutenen hiru-lau taldeetako bat gara, eta helburuak ere maila horretakoak ziren. Gure helburua mailari eustea zen, helburu nahiko handia gainera.

 

Helburua erdi bideratuta duzue.

Bai, baina sailkapenari begiratuz gero, konturatzen zara beste edozein ligatan baino parekotasun handiagoa dagoela, eta horregatik beldur apur bat ematen du salbatuta gaudela esateak. Goialdean kokatuta gaude, baina, puntuei dagokionez, aldea ez da hain handia. 

 

Gol gutxien hartutako bigarren taldea zarete, baina gehien sartutako seigarrena ere bai.

Eibarrek historikoki fama hori eduki du; zelai txikia, hamaika astokilo… Hirugarren egoteko gauza asko ondo egin behar dira. Nahiz eta entrenatzaileak beti esaten digun bete beharreko lehenengo lana ondo defendatzea dela, erasora begira ere taldea ondo dabil, eta sailkapenak hori islatzen du.

 

Non dago sekretua?

Gauza askoren batuketa da. Iaz igoera lortu zuen taldearen oinarriak jarraitu egiten du. Iaz oso ondo amaitu zuen taldeak, eta aurten ere badago halako kimika irabazle bat. Etorri diren jokalari berriak, izen handikoak ez diren arren, gazteak dira, eta, beharbada, espero zena baino maila hobea ematen dabiltza; euren ibilbidean pauso bat eman gura dute eta hori erakustera etorri dira. Beste faktore bat entrenatzailearen lana da, eta jokalariok entrenatzailearengan sinestea. Gainera, zorte apur bat ere behar da, jakina.

 

Brometan bada ere, ‘igoera’ berba irteten da zuen artean ala berba tabua da?

Beno, brometan edozein berba erabili daiteke, baina guretzat aldea dago Bigarren Mailan geratzearen edo Bigarren B Mailara jaistearen artean. Badakigu zer kostatzen duen Bigarren Mailara igotzeak, eta lehen helburua bete barik beste batzuetan pentsatzen hastea… Behinena mailari eustea dugu.

 

Urte hasieran lesioa izan zenuen bizeps femoralean, eta hiru astean baja izan zara. Orain zelan zaude?

Osatuta nago. Azken partidua osorik jokatu nuen. Aurtengo denboraldian dudan traba nagusia lesio horixe da. Hiru bider izan dut zuntz haustura toki berean. Lehenengoa orain hiru hilabete izan zen, eta, ondoren, berriz erori nintzen. Inguru hori indartu guran nabil. Bestela, futbolean asko gozatzen nabil. Eta taldea ere bai. Egunerokoan alde handia egoten da gauzak ondo doazenean edo txarto doazenean. Batzuetan futbolean esaten da: “Lagun onak zaretelako irabazten duzue”, baina sarritan alderantziz izaten da: irabazten dugunean, orduan sortzen dira lagun hobeak. 

 

Ondo izan zarenean Garitanok asko erabili izan zaitu.

Denboraldia titular hasi nuen. Gero, lesioekin kostatu egin zitzaidan berriro titulartasuna lortzea. Lortu nuenean, berriro etorri zen lesioa. Ea azkena den. Dena dela, badakit taldean oso konpetentzia handia dagoela.

 

2011n batu zinen Eibarrera, Athleticek filialean jarraitzeko aukera eskaini zizun arren. Gustura hartutako erabakiagaz?

Bai, zalantza barik. Filial batean zaudenean helburua bat da: goiko taldera heltzea. Ohartzen zarenean zure alde ez dutela  apustu argirik egiten, edo beste batzuk dituzula aurretik, hobe da beste bide bat hartzea, eta handik gorantz egiten ahalegindu ahal den neurrian. Gustura nago hartu nuen bideagaz. 

 

Bilbon Telekomunikazio Ingeniaritza Teknikoa ikasteko asmoa zenuen. Ikasketekin aurrera jarraitu duzu?

Bai, azken urtean nago, eta ikasgai batzuk bakarrik falta zaizkit. Une hartan, kategoria berean geratuta, unibertsitatetik eta etxetik gertu geratzea ere baloratu nuen erabakia hartzerako orduan. Azken batean beste lan bat izan da, eta lan batek denbora kentzen du. Denbora fisikoa eta denbora mentala. Gaitz egiten da dena bateratzea, baina, beno, badakigu futbolak beti ez duela hainbesterako ematen, eta ondo dago beste bide bat zabalik edukitzea.

 

Eibar talde serio lez ikusten zenuen joan zinenean, ez zela kea saltzen zuen talde horietakoa.

Eibar taldearen politika hau izan da beste ezeren gainetik: defizitik ez izatea eta eskaintzak bere aukeren barruan egitea. Athletic-etik irten nintzenean ikusten zen futbola zelako bidetik zihoan, eta denboragaz nabarmenago egin da. Klub asko euren aukeren gainetik bizi izan dira, eta une batean eztanda egin nuen. Alde horretatik, Eibar talde serio lez ikusten nuen.

 

Hamaika urte eman zenituen Athleticen. Zelan ikusten duzu zure talde ohia?

Oso urte ona egiten ari dira. Jarraitzen ditut Athleticen ibilerak, hango jokalari batzuekin hartu-emana ere badut, eta, batez ere, eurengatik pozten naiz. Beraiek pozik badaude, ni ere bai.

 

Zeinekin mantentzen duzu harremana? 

Ander Iturraspegaz dezentetan egoten naiz, eta pilo bat gozatzen nabil bera bizitzen ari den momentuarekin. Nik uste hor dabilenetik unerik gozoenean dagoela. San Mamesera joan eta bera maila horretan ikustea eta jendea “zein ondo dabilen Iturraspe” esaten entzutea, lagun baten arrakasta moduan sentitzen dut.

 

Joan zen domekan ez zen batere kokildu Cristiano Ronaldogaz. Egin duzu berbarik beragaz?

Asteon bakean utzi dut, uste dudalako dezente gogaituko zutela. Baina, bai, komentatuko dugu anekdota hori ere. Orduan erakutsi zuen taldean gaur egun duen pisua eta aurpegia emateko ahalmen hori.

 

Athleticera itzultzeko aukera posible ikusten duzu?

Egia esanda, ez diot horri buelta askorik ematen, urrun ikusten dut. Epe motzera markatzen ditut helburuak: asteburuko partidua, taldean dudan postua ziurtatu… Erronka txikiagoak. Urte amaieran ikusiko da zelan ibili naizen eta zer aukera ditudan. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!