"Artearen historia oso gogorra izan da emakumeagaz, eta da, oraindik"

Anboto 2014ko martxoaren 6a

Antzinako artearen historia irakasten du Haizea Barcenillak Euskal Herriko Unibertsitatean. Lezokoa da 33 urte ditu
Zuhar Iruretagoiena artistak eskainiko du gaur Artea Ezaupide zikloaren barruko lehenengo berbaldia. Artea eta Emakumea da aurtengo gaia. Martxoaren 13an jardungo da, aldiz, Haizea Barcenilla Artearen historialari, arte kritikari eta komisarioa. Emakume artisten ikusgarritasun txikiaz ariko da Barcenilla. "Harrigarria da ikustea zenbatek ikasten duten Arte Ederrak edo Artearen Historia, eta zein gutxi iristen diren profesionalak izatera", esan digu elkarrizketan.

 

Arteari begiratzeko, genero ikuspegia hartzen duzu aintzat.

Bai, egiten ditudan kritiketan askotan agertzen da gai hori. Antolatzen ditudan erakusketak ez dira beti feminismoagaz loturikoak, baina beti saiatzen naiz emakumeak presente dauden lanak kontuan hartzen, esaterako. Feminismotik dihardut, bai.

 

Unibertsitateko irakasle ere bazara. Ikuspegi feministatik diharduzu irakasle ere?

Antzinako artearen historia irakasten dut, eta saiatzen naiz gaur egungo berrirakurketa feministei lekua egiten nire eskoletan. Horiek erakusten dute beste garai batzuetako ikonografia ikuspegi patriarkal eta kolonialista batetik egin zela. Niri irakatsi zidaten historia guztiz patriarkala da: emakumeen presentziarik ez dago.

 

Zein da Durangon eskainiko duzun hitzaldiaren tesia?

Euskal Herrian zer momentutan gauden azalduko dut, eta, nire ustez, zeintzuk diren oinarrizko arazoak. Zer ikertu behar genukeen ere proposatuko dut. 60ko hamarkadatik gaur egunera arteko emakume artistak berreskuratu behar ditugu; izan ere, guztiz ilunetan geratu da askoren lana. Ikerketa lan handia egin behar da arlo horretan. Bestalde, azken hamar urteetan ikasketak bukatu dituztenek zer zailtasun aurkitu duten, eta artista ez izatea erabaki dutenek zergatik egin duten hautu hori aztertu behar genuke. Horrela ulertuko dugu zein den arazoa.

 

Ikastetik profesiora dagoen hutsunearen daturik badago?

2.008. urteko datuak dauzkagu, esaterako: Arte Ederretan ikasleen bi heren emakumezkoak ziren, eta heren bat gizonak. Gaur egun antzeko datuak dauzkagula esatera ausartuko nintzateke. Artearen Historian emakumezkoen proportzioa are handiagoa da. Emakume asko ez da saiatu ere egiten, ikasketak amaituta, artista izaten. Asko hezkuntzara, errestauraziora eta bestelako eginkizunetara pasatzen dira. Egoera apur bat hobetu da, baina emakume askorentzat oso zaila da gaur egun, oraindik, euren lana erakustea.

 

Denok gara horren erantzule.

Gizartea bere osotasunean da oso patriarkala, eta esparru guztietan bezala gertatu da kulturan ere. Jenioaren ideiak ere kalte handia eragin du: horren arabera uste da jenialtasuna jaiotzaz geroztik dugun zerbait dela, eta historikoki kontsideratu izan da emakumeak ez direla gai bikaintasunera iristeko. Gainera, amatasunari edo lanari loturiko erabakiak hartu behar izan ditu emakumeak: bata edo bestea hautatu behar izan du. Hori duela oso gutxi hasi da aldatzen, eta batzuen buruan oraindik ez da aldaketa hori gertatu. 

 

Erabakitzeko boterea dutenak dira aldatu ez diren asko.

Bai, esaterako, adibide lazgarria Bilboko Arte Ederren Museoarena da. Azken hamar urteetan museo horrek ez dio bakarkako erakusketa bat bera ere eskaini emakumezko artista bati. 48 egin dituzte, eta ez da emakumezko bat ere agertu. Denon diruagaz ordaindutako erakunde publikoa da Arte Ederren Museoa, eta tamalgarria da inork horren kontra ezer ez esatea. Badakigu Guggenheimek ez duela hemengo artea erakusten, baina Euskal Herrian artearen erreferentzia den museoak ez du inoiz emakume baten lana erakutsi. Nola ezagutuko du jendeak emakumearen lana?

 

Errealitate hori plazaratzeko egin daiteke presiorik? 

Uste dut baietz. Artearen munduko hainbat arlotan dihardugun emakumeok plataforma batean elkartu ginen, eta 2008. urtean lehen aipaturiko datu horiek plazaratu genituen. Adibidez, guzti honi buruzko gutun bat idatzi diogu Lehendakariari, eta Arartekoarekin ere egon izan gara.

 

Erantzunik jaso duzue?

Ez. Denek diote tamalgarria dela egoera, baina ez dago erabaki edo eragin zuzenik.

 

Zein uste duzu dela gauzak hobetzeko bidea?

Hainbat esparrutan egin behar dugu lan. Batetik, hor daude Koldo Mitxelena edo Montehermoso proiektuak: emakumezkoen lana erakusten duten erakundeak. Parekidetasunaren legea ere hor dago: duela hamar urtetik dago lege hori, eta ez da betearazten (Bilboko Arte Ederren Museoaren kasuak erakusten duen moduan). Uste dut oso inportantea dela epe luzerako ikerketak eta proiektuak gauzatzea, gizartearen kontzientziazioa bultzatzeko. Arazo bat da, esaterako, aipaturikoak bezalako datuak kaleratzen ditugunean jendeak esatea: “beno, agian kontua da ez dagoela emakume artista onik, ez?”. Hori astakeria itzela da. Gizarte mailan lan egin behar da, ikertu behar da emakumeen ikusgarritasun ezaren arrazoiak zeintzuk diren. 

 

Urte osoa ematen duzue lan horretan, nahiz eta batzuetan dirudien emakumea martxoak 8 dataren inguruan bakarrik dagoela kulturan.

Bi asteotan hiru hitzaldi emango ditut gai honen inguruan, eta gero, hurrengo martxora arte inork ez du honetaz hitzik egingo. Oso ondo dago emakumearen inguruko gaiak lantzea, baina daukagun arazoa oso larria da. Esaterako, Arte Ederren Museoan galdetzen baduzu, esango dizute hiru erakusketa antolatu dituztela, emakumeak protagonista zirenak: Emakumeak Erdi Aroan izenekoa, arte feministari buruzkoa, eta emakume inpresionistei buruzkoa. Horietan emakumea gaia da, ez subjektua. Eta berdin gertatzen da egun hauen inguruko programazioarekin ere. Emakumea gai bilakatzen da, ihesa edo pobrezia izan daitezkeen eran. Eta emakumea ez da gai bat, subjektua da: gizartearen erdia da!

 

Zuhar Iruretagoienak zabalduko du hitzaldi zikloa, ‘Harriak poltsikoan’ izeneko berbaldiagaz. Izenburu esanguratsua.

Beti da lan bikoitza emakume batentzat aurrera egitea. Asko geratzen zaigu desberdintasunak apurtzeko. Artearen Historia oso gogorra izan da emakumearekin, eta oraindik ere horrela da: erakusketak egiten direnean emakumeak historizatuta, guztiz alboratzen dira euren zailtasunak eta arrazoi pertsonalak. Orain gutxira arte, adibidez, ezkondu ezean, bere lanaren bidez bizirauteko zailtasun handiak zituen emakumeak. Esparru pribatuko gauzak dira, baina feminismoak defendatzen duen gisara, pribatua politikoa da, eta bizitzak baldintzatzen ditu.

 

BERBALDIAK (Durangoko Arte eta Historia Museoan, 19:00etan)

 

  • Martxoak 6,

          Zuhar Iruretagoiena (artista): "Harriak poltsikoan'

  • Martxoak 13,
          Haizea Barcenilla (arteren historialaria): "Exponer y exponerse: la visibilidad  de las mujeres artistas"
 
  • Martxoak 27,
          Miren Jaio (arte kritikaria): "Eszenatokia -zatozte nirekin, arren- aldatua zen"

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!