Zelako kontzertua izango da biharkoa? Zure ibilbide osoko kantak joko dituzue?
Bai, Durangoko Azokan Bidea eta denbora zuzeneko diskoa kaleratu genuen arren, Plateruenekoa ez da zuzeneko diskoa aurkezteko kontzertu bat izango. Disko horretako kantak helduleku ona dira, baina zuzeneko disko horretan ez dauden kantak ere joko ditugu. Libre, momentuak eskatzen digunaren arabera ariko gara. Beti bezala saiatuko gara kantei, soinuari edo moldaketei buelta bat ematen. Zuzenean aritzeko oso gogotsu gaude.
Zer dela-eta ez zarete zuzenean aritu izan hilabeteetan?
Duela urtebete inguru taldekide bati beste konpromiso batzuk sortu zitzaizkion, eta geratu egin ginen pixka batean. Ni ere beste lan batzuetan ibili naiz. Gaztetan, noizean behin egoten ginen denbora batez jotzeke. Orain, sortzen diren aukera guztiak aprobetxatu gura ditugu: oso ondo pasatzen dugu, gustura jotzen dugu, jendea etortzen da... Kristoren plana da guretzat kontzertu bat izatea.
Hala ere, agenda gehiegi betetzearen zale ere ez zarete.
Aukeratzea gustatzen zaigu. Esaterako, Durangon joz gero, ez dugu Bilbon joko. Jendea asko mugitzen da, eta saiatzen gara hori kontuan hartzen zuzenekoak lotzerakoan. Ez dugu nahi jotzeagatik jo, erakartzen gaituzten lekuetan aritzea da gura duguna. Dena den, azken aldian asko jo dugula esango nuke. Irla izan diskoa kaleratu genuenetik kontzertu piloa eman ditugu. Kontua da, disko gutxitxo kaleratzen dugula, eta birak dilatatu egiten ditugula denboran. Baina nahikoa jotzen dugu.
Beste talde batzuek bezain bira-kontzentratuak ez dituzue egiten, beharbada?
Egia da hori, baina nik uste oihartzunak ere sortzen duela sentsazio hori. Guk kontzertua eskaintzen dugunean, batzuetan, ez da inon jakitera ematen. Bakoitzak bere marketing estrategiak dauzka, eta nik beti pentsatu izan dut atera behar dena ateratzen dela. Saiatzen gara zabaltzen, baina pentsatzen dut jendeak taldea jarraitu behar duela, eta ez taldeak jendea. Gauzek euren erritmoa daukate, eta uste dut zuk gauzak egiten badituzu, zure jarraitzaileei ailegatzen zaizkiela. Dotorezia apur bat ere behar dela uste dut.
Urteotan aldamenean dauzkazun musikariekin zatoz?
Bai, oso fidela naiz horretan. Maite Arroitajauregi Mursegoren ordez, Mariano Hurtado dago teklatuetan, baina bestela betiko lagunekin nabil.
Bazabiltza idazten, diskoren baterako ideiak lantzen?
Bai, banabil, beti nabil... Baina horretan Santo Tomasen eskolakoa naiz: eginda ikusi arte nahiago dut ezer ez esan. Sukaldean zabiltzanean bezala da hau: erosketak egin eta osagai guztiak edukita ere, baliteke prestatu gura duzuna uste zenuen bezala ez ateratzea. Baina saiatuko gara.
Zerbait berezia dauka Durangoko Plateruenean aritzeak?
Durangoko Kafe Antzokira joan garen bakoitzean alerta klimatologiko bat egon da, Teleberrin agertzen diren horietakoak. Gogoan dut Irla izan aurkeztu genuenean, izotz ekaitz baten iragarpena zegoela. Alertak kontuan hartu, beraz. [Barre].
Napoka Iriak ere joko du bihar. Gustuko duzu egiten dutena?
Oso aukera ederra da eurekin aritu ahal izatea, eta poz handia ematen dit. Uste dut Napoka Iriarenak eta gure bideak lekuren batean bat egiten dutela.
Zuek zabalduriko bidean doazela esatea gehiegitxo?
Horrelako konparazioak ez ditut batere gustuko, sinplistak iruditzen zaizkit. Badirudi emakumeen influentziak beste emakume batzuk bakarrik izan daitezkela. Esan nahi dut, gizonenezko musikariek badirudi ez dutela inoiz emakumeen eraginik izaten. Mirenen ahotsa oso gustuko dut, eta bere kantatzeko erak ez dauka nirearekin zerikusirik: bere melodiak gehiago datoz bluesetik edo jazzetik. Gaur egun euskal musikan egiten diren gauzarik interesanteenetan emakumea dago: Mursego, Saioa, Belako, Zea Mays...