"Orain irribarre egiten dugu"

Anboto 2014ko ots. 10a, 12:21

Alkoholismoaz berbetan egon ziren barikuan alkoholikoak, senideak eta mediku bat. Besteak beste, ama batek adierazi zuen terapia batzarren ondorioz bere seme alkoholikoagaz daukan hartu-emana hobetu dela: "Orain irribarre egiten dugu". Nagusien egoitzan izan zen berbaldia, Al-Anon alkoholikoen senideen elkarteak antolatuta.

"Nire semearen plan eta ilusioak itzaltzen zihoazen". Alkoholiko baten amak bere esperientzia kontatu zuen. Hamasei urtegaz gaixotu zen semea, eta amari eragin animiko handia ekarri zion. "Nik uste beste semeei kaltea egin niela, nire umore txarragatik". Beraz, azkenean familiako arazo bihurtu zen alkohola. Biak terapia batzarretara joaten hasi zirenean konturatu zen horretaz. Berak Al-Anon taldean hartu zuen parte, eta semeak Alkoholiko Anonimoetan. Egoera aldatzen hasi zen orduan: "Bazkaloste ederrak egiten genituen. Nik min egin niola esateko beharra neukan, eta berak ere bai". Semeak urte batzuk daroaz edan barik, baina amaren arabera ez dago osatuta, errekuperatuta egon arren.

Berbaldian 50 bat lagun batu ziren. Jose Felix Marcos Frias medikuak ikuspegi zientifikoa plazaratu zuen. Alkoholiko eta edale gazteekiko ardura erakutsi zuen. Gogoratu zuen gazteen artean alkoholaren kontsumoa handia dela, eta 20-25 adin tartera arte garuna garatzen dabilela. Horregatik, pertsona horiek ez dutela aurreikusitako bizi garapen normala edukiko adierazi zuen.

Alkohol kontsumitzaileen perfila aldatzen dabilela esan zuen Marcos Friasek. Txikiteroak desagertzen dabiltza: "Nire kontsultan, 100etik bat edo bi dira gaur egun txikiteroak". Bestalde, emakumeen kontsumoa argitara atera dela ere aipatu zuen medikuak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!