Alkoholikoen senideak elkartzen hasi dira, argi printza baten esperantzan

Anboto 2013ko urr. 24a, 14:00

Otsailean hasi ziren batzen alkoholikoen senideak Al-Anon taldean, eurak ere gaixorik daudela ohartuta

Otsailean hasi ziren batzen alkoholikoen senideak Al-Anon taldean, eurak ere gaixorik daudela ohartuta.

 

Eskutik helduta hasten dituzte batzarrak Al-Anon elkarteko kideek. Alkoholikoen senideak dira, eta babesa ematen diote elkarri. Gehienak, hasieran, gaixoarentzako soluzio bila joan ziren, baina taldea ez da horretarako. Lehenengo bileraren ostean, ohartzen joan dira eurak ere gaixorik daudela, etxean sortutako egoera dramatikoaren erruz. Lotsak, eztabaidak, gorrotoak... Alkoholismoak familia osoari eragiten dio. Otsailean hasi ziren batzen Durangon.

 

“Trenbide berean, paraleloan goazen tren bi gara alkoholikoa eta gu”. Elkartean urte dezente daroazen emakume baten berbak dira –batzuk, aurretik, beste herri batzuetan egon dira Al-Anon elkartean–. Euren arazo pertsonala gainditzen ahalegintzen dira, autoestimua landuz, esaterako. Eurek hobetuta, alkoholikoa sendatzeko bidean eragin ahal dutela uste dute. Baita etxeko giroan ere. “Niri hemen ez zidaten arraina eman, arrantzatzeko kanabera baizik”, esan du metafora bidez. Gogoan dauka zelan konturatu zen senarraren gaixotasunaz eta etxeko arazoaren tamainaz. Semea psikologoarenera eroan, eta maite zituenekin mailak egitea eskatu zion. Semeak ez zuen aita inon ipini. Bere kabuz hainbat saiakera egin ostean, Al-Anonera batu zen: “Orduan hasi nintzen bizitzen”.

 

Batzarretan, bakoitzaren sentipenez eta momentuko arazoez jarduten dute. Lasaitasuna eta sosegua dituzte helburu. Taldeari buruz hunkituta egin dute berba. “Al-Anon argi printza bat da tunel ilun eta luze batean”, dio beste emakume batek.

 

Duela 60 urte AEBetan sortutako elkartea da Al-Anon.Alkoholiko Anonimoen elkartetik independentea da. Elkarte horretan egon zein ez, Al-Anon elkartean egon ahal dira senideak. Elkartean ez dute politikaz edota erlijioaz berba egiten. Era askotako jende anonimoa batzen da, interes komun beragaz. Eta, euren bizi egoerak ere askotarikoak dira. Badira elkartera batu berri direnak, baita arazoa gainditu eta oraindik batzarretara joaten direnak ere. Kide batek, adibidez, senarra hil ostean ere jarraitu du joaten. Berak elkartetik jaso duena bueltatu gura du: “Al Anonengatik ez balitz, ez dakit non nengokeen”. Familia bat dela diote, babesgune bat.

 

Eguenetan batzen dira Landako kiroldegiaren beheko geletan, 19:00etan. Asteko beste egunen baten behar izanez gero, Bizkaiko beste herri batzuetan ere egiten dira batzarrak astelehenetik domekara. Gainera, seme-alabentzako talde bereziak ere badaude. Gura duenak 944 242 498 telefonora deitu ahal du informatzeko. Batzarretan parte hartzeko, batez ere, lanerako borondatea edukitzea ei da garrantzitsua. Laguntza behar horren sintomak ugari izan daitezke. Esaterako, edan duena gezurrekin estaltzen saiatzea edota etxean edariak bilatzen ibiltzea.

 

Soluziorik ez, baina iluntasun horretatik irteteko tresnak konpartitzen dituzte Al-Anon elkarteko kideek eguenetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!