Gabonetan alkoholagaz kontuz ibiltzeko deia

Anboto 2013ko abe. 20a, 13:30
Alkoholikoen senideek adi ibiltzeko deia egin dute

Alkoholikoen senideek adi ibiltzeko deia egin dute.

 

Alkoholikoen senideak batzen dituen Al-Anon elkarteak dei berezia egin du Gabonei begira. Euren ustez, edana ugaritzen den sasoi honetan, alkoholikoek arrisku handiagoa dute berriro edanari emateko. Gaixorik dauden senideak ohitura horretan berriro erortzea saihesteko, Gabonetan adi egoteko deia egin diete euren egoeran daudenei.

 

Alkoholikoen senideek azaldu dute sasoi honetan urduri ibiltzen direla, kezkatuta. Telebistan edota kalean, edari alkoholikoen propaganda ugaritu egiten da, eta ospakizunaren aitzakian, kontsumoak ere gora egin ohi du. Al-Anon taldea 1951n sortu zen AEBetan, eta Durangon aurten hasi dira batzen. Eguenetan egiten dituzte batzarrak, 18:00etan, Landakoko kiroldegiaren behealdean. Gaixoarentzako soluziorik ez daukate; euren artean lagundu eta babesa emateko elkartzen dira, eurak ere gaixorik daudela onartuta. Horrela, senideari laguntzeko indarra hartzen dute.

 

Informazio gura dutenek www.al-anonespana.org webgunera jo dezakete, edota 94 424 24 98 telefonora deitu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!