Ikus-entzunezkoek, bertsoek, musikak eta antzerkiak bizituriko poesia mamitsua: 'Gabrielen lekua'

Anboto 2014ko urt. 13a, 08:30
Andoni Egaña bertsolaria, Rafa Rueda musikaria, Alain Urrutia artista eta Oier Guillan idazlea hasi ziren elkarlanean, eta Gabriel Aresti kultura elkartearen proposamenez, 'Gabrielen lekua' ikuskizunaren sorkuntzan. Ondoren batu zitzaizkien aktore bi eta hainbat instrumentu jotzen dituzten hiru musikari. Urtarrilaren 17an eskainiko dute ikuskizuna, Durangoko Plateruenan

Elkarlan horren emaitza musika, bertsolaritza, poesia, ikus-ikusentzunezkoak eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna da. Gabriel Arestiren olerkien interpretazio sakona egin, eta haren poesia bakoitzak bere testuingurura eramateko gonbita da Gabrielen lekua. Ikuskizuna prestatzeko, sortzaileek asko begiratu diote Arestik “sormenari zein bizitzari dagokionez zeukan jarrera bitalari”. Mamitsua eta sakona da ikuskizuna, beraz, baina erritmo bizikoa ere bai. 

Iazko urte hasieran abiaturiko sormen prozesu luze eta biziaren ostean, gorenean dago Gabrielen lekua une honetan, egileen berbetan. “Oso emanaldi ederrak izan dira urte amaierakoak, oso giro polita sortu da”, dio Oier Guillan proiektuko partaideak.  

Bertsolaritzaren ekarpenari esker, saio bakoitza bakarra dela azpimarratu du Guillanek: “Orain arte egin ditugun emanaldietan, Andoni Egañak oso ondo jakin du publiko bakoitzaren tenperatura hartzen, eta bere bertsoetan, entzulegoaren araberako gaiak hautatzen”. 

Urtarrilaren 17ko Durangoko emanaldiaren kasuan, Andoni Egañaren ordez, gainera, Igor Elortza bertsolari durangarrak jardungo du ikuskizunari bat-batekotasuna eta inprobisazioa gehitzen. “Emanaldian kide berriagaz jarduteak ere emango digu ikuskizunarentzat oso onuragarria den tentsio puntu bat, une oro gure onena emateko”, dio Guillanek.

Gabriel Aresti bilbotarraren lekuetako batean, Ean, emango diote birari amaiera, Eako Poesia Egunetan. Beraz, udara arte luzatuko dituzte sentikaria aurkezteko emanaldiak. Gabriel Arestiren bizitzako azken etapan garrantzi handia izan zuen leku horrek, eta, hortaz, sinbologiaz beteriko lekuan itxiko dute sorkuntza lan honen zikloa, uztailean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!