"Arestik gugan izan duen eragina sorkuntzagaz adierazten saiatu gara"

Anboto 2014ko urt. 14a, 06:00
Urtarrilaren 17an, Durangoko Plateruenean eskainiko dute ‘Gabrielen lekua’ diziplina anitzeko obra. Andoni Egaña bertsolariagaz batera ikuskizunaren gidoia egin duen Oier Guillan idazle donostiarrak errezitatuko ditu Gabriel Arestiren olerki eta berbak, barikuko Durangoko emanaldian. Obraren nondik norakoak azaldu ditu Guillanek Anbotori eskainitako elkarrizketa honetan.

Emanaldi bikoitza eskainiko duzue Plateruenean.

Bai. Ikasle gaztetxoentzako emanaldia eskainiko dugu 10:00etan, eta publiko orokorrari zuzendurikoa 22:00etan. Eduki askoko lan heldua da sentikaria, sakoneko lana, baina umorea eta musika ere badago, publiko gaztearen helduleku. Emanaldiaren aurretik, Zenbat Gara elkarteak prestaturiko unitate didaktikoa landu dute ikastetxeetan, Arestiren lanera hurreratzeko, eta oso sorpresa atsegina izan da gazteen harrera.

 

Zein da zure parte hartzea ‘Gabrielen lekua’ ikuskizunean?

Andoni Egañagaz ikuskizunaren gidoia egin dut, eta emanaldietan Arestiren lana deklamatzen dut: batetik, poesia eta artearen inguruan eman zituen hitzaldien zatiak irakurtzen ditut, eta, bestetik, poesia eta bertsolaritzaren arteko elkarrizketa moduko bat egiten dugu.

 

Zelan sartu zinen proiektuan?

Gabriel Aresti kultura elkarteak Rafa Ruedari helarazi zion ikuskizuna sortzeko proposamena, eta sortzaile lantalde oso interesgarri horrekin lan egiteko asmoz batu nintzaien. Aresti oso gaztetatik izan dut beti oso presente, eta haren lanean murgiltzeko aukerak aprobetxatu izan ditut beti. Asko irakurri dut bere lana, eta opari bat izan da proiektu honen parte izatea.

 

Lan sakona izan da?

Bai, eta zaila ere bai; Aresti poliedrikoa delako, eta jende askorengan eragin duelako. Bagenekien ezinezkoa izango zela bakoitzak nahi duen Aresti hori obran islatua ikustea. Erronka oso handia zen, eta zintzoak izatea erabaki genuen: Arestik gutako bakoitzarengan izan duen eragina sormenaren bitartez adierazten saiatu gara.

 

Arestiren sorkuntzaren garrantzia gura duzue aldarrikatu.

Arestiren obra gaurkotasun handikoa da, eta hainbat belaunalditako idazle askorengan eragina dauka oraindik ere. Bere izaera inkonformista, eta, zentzu positiboan, oldarkorragatik, polemikoa izaten jarraitzen du, eta hori sekulako lorpena da. Egungo gizartean eztabaida pizteko eta sormenaren bitartez gatazka sozialak islatzeko grina hori oso beharrezkoa da, eta sekulako balioa duela uste dut. Gure ardura litzateke gaurko arazoetara eramatea jarrera hori, eta horregatik uste dut ekarri behar dela behin eta berriz Arestiren lana gogora. Asko konektatzen dut bere estetikarekin eta edukiarekin.

 

Badago ikuskizunean bereziki inportantea den olerkirik?

Arestiren testu asko daude sentikarian oso presente, baina badago poema bat bereziki garrantzitsua izan dena: Egia bat esateagatik. Egiaren ideia horretan islatzen da Arestiren sua, eta bizitza eta sormena ikusteko modua. Etengabe heldu diogu poema horri. Klabea da obran.

 

Behar beste hartzen da aintzat  Arestiren poesia eta figura?

Iruditzen zait ezagun handi askorekin gertatzen den bezala, oso ezezaguna ere badela. Arestiren izena kale askori ipini diote –seguruenik, Arestik berak sekula imajinatuko ez lukeen arren. Baina ahazten hasteko modu bat ere bada hori. Bere edukia gogora ekartzea da garrantzitsua, eta horretan lagun dezakegula uste dut. Askok esan digute ikuskizunaren bitartez aurkitu dutela Aresti: nor zen jakin arren, esaten zuena Gabrielen lekuarekin barneratu eta bizi izan dutela.

 

Emanaldietan zer sentipen edukitzen duzu?

Estreinalditik hainbat emanaldi egin ditugu, eta konexio handia sortu da publikoarekin. Arestiren hitzak errezitatzea plazer handia da, energia asko transmititzen dutelako bere berbek. 

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!