"Zenbaki guztiak saltzea da gure ilusio handiena"

Anboto 2013ko abe. 19a, 08:42
Azaroaren 15ean ipini zuten postua, eta ordutik hona Gabon usaina dago Durangon. Covadonga Navalek eta Eugenio Briñasek urte asko daroez JAED elkartean. Beharrizanak ugaritu direla azaldu dute, eta durangarrek eskainitako babesa eskertu nahi izan dute

Azaroaren 15ean ipini zuten postua, eta ordutik hona Gabon usaina dago Durangon. Covadonga Navalek eta Eugenio Briñasek urte asko daroez JAED elkartean. Beharrizanak ugaritu direla azaldu dute, eta durangarrek eskainitako babesa eskertu nahi izan dute.

 

Gabonak gertu dauden seinale izaten da Andra Maria elizpean zuen postua ikustea.

Eugenio Briñas: Lehengo egunean batek esan zidan postua ipini arte ez direla Gabonak. Gabonak horrek markatzen dituela.

Covadonga Naval: Jendea zain egoten da; galdezka etortzen zaigu ea postua noiz ipini behar dugun.

 

Herritarren interesa handia da, ezta?

E.B.: Bai, eta kanpoko jendea ere interesatzen da, harritu egiten dira opari kopuruagaz. Batez ere, Durangoko Azokako egunetan; egun horiek booma izaten dira. Gabon egunean, Urteberri egunean eta erregenetan ere asko saltzen dugu.

 

Jendeak azken egunera arte itxaroten du?

C.N.: Bai. Azken egunetakoa itzela izaten da, asko saltzen ditugu.

E.B.: Atera kontuak. Domeka normal batean mila eta piko zenbaki saltzen ditugu, eta azken egunetan 3.000 inguru!

 

Jendeak bere ohiturak izango ditu...

E.B.: Batzuek billete bi hartzen dituzte pasatzen diren bakoitzean, eta azkenerako 20-30 zenbakigaz amaitzen dute. Beste batzuek eskatzen dizute hasierako billete bat, erdiko bat eta beste bat azkenetik. Eta esaten badiozu, “justu hurrengo zenbakia tokatzen bada, zer?”, orduan jarraian datozen zenbakiak nahi izaten dituzte. Beste batzuek galdetzen dute ea zer zenbakitan goazen, eta apur bat itxarotea erabakitzen dute.

 

\"\"Zenbaki gogokoak izaten ditu jendeak?

E.B: Zenbaki altuak dira jendeak gustukoen dituenak. Eta esaten diegu hemen ez dagoela iruzurrik, zenbaki guztiak sartzen direla zozketan.

 

Zuek ere erosiko dituzue billeteak!

E.B.: Bai, dezente gainera. Askotan, egunaren amaieran, bakoitzak batzuk hartzen ditu, billete-sorta amaitzeko.

 

Inoiz lortu duzue saririk?

E.B.: Nik behin bai. Telebistaz egon nintzen ikusten zozketa, eta halako batean: “Aiba, zenbaki hori ezaguna egiten zait”. Baxera bat tokatu zitzaidan.

C.N.: Niri ez. JAEDeko beste kide batzuei bai, sari ertainen bat-edo. Baina autorik sekula ez.

 

Autoa da sari preziatua.

C.N.: Jendeak gehien eskatzen duena da: “Emadazu autoaren zenbakia, autoarena!”, esaten dute askok.

 

Egoera ekonomikoa kontuan edukita, oparien motibazioaz gainera, zuen lanarekiko kontzientziazioa handitu dela igartzen duzue?

C.N.: Inolako zalantzarik barik. Gainera, ikusten gabiltza ikastetxeak eta herriko taldeak ekintzak antolatzen dabiltzala JAEDengan pentsatuta. Kontzientziazio lana egiten dabiltza. Euren ekintzetan batutakoa guri bideratzea erabakitzen dute; adibidez, janari kanpainak egiten dabiltza, batutakoa gero guri emateko.

E.B.: Durangon azoka solidarioa dago, baita Iurretan ere Anderebideren eskutik, Mas Curvasek ere antolatzen du urtero jostailu eta janari bilketa... Durangarren eta ingurukoen erantzuna oso ona da, benetan.

 

Ea, bada, billete guztiak saltzen dituzuen!

C.N.: Hori da gure ilusiorik handiena. 2011. urtean saldu genituen guztiak, eta badakizu zelako poza sortzen duen horrek?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!