Nora Madariaga atxondarrak irabazi du JAEDeko autoa

Anboto 2014ko ots. 4a, 18:01

Nora Madariaga JAEDeko ordezkariekin autoko giltzak jasotzen
Nora Madariaga 16 urteko atxondarra izan da JAED zozketako auto irabazlea. Aurtengoa, JAED (gizarte laguntza) elkartearen 50.urteurrena izan da. Zenbaki saritua irten eta handik ia hilabetera jakin da nor den autoaren jabea. Nora Madariaga irabazleak honako hau aipatu du: “Hasieran zenbakiak begiratzen saiatu nintzen arren ez nituen aurkitu, eta orain dela gutxi arte ez dut jakin irabazlea nintzenik”.

 

Egunkarian zenbakiak irten eta egun batzuetara jakin zuten beraiek zirela sarituak, “amak egunkarian ikusi zuen oraindik ez zela saritua irten eta orduan jakin genuen irabazleak ginela”, aipatu du Madariagak. Lehen saria berea zela jakin zuenean, sinetsi ezinik geratu zela esan du irabazleak.

 

Nahiz eta autoa egokitu zaion ez daki honekin zer egin, oraindik ez baitauka adinik hau gidatu ahal izateko. Adinik ez daukan arren, teorikoa aterata dauka Madariagak. Hala ere, nahiz eta gidabaimenik ez izan, saria suertatu izana pozgarria dela adierazi du.

 

Bestalde JAED zozketari dagokionez, aurtengoan 50.734 txartel saldu dituzte. “Durango eta Iurretako solidaritatea nabarmendu beharra daukagu, beraiei esker 50 urtez bertan baikaude,  eta espero dugu beste hainbeste egotea”, nabarmendu dute Maria Eugenia Uncilla eta Jose Carrera JAEDko kideek: “Gurea herritik jaio eta herriarentzako den proiektu bat da”. Ekimen hau eskoletara ere zabaldu dela aipatu dute, haurrek hainbat ekintza egin baitituzte elkarteari laguntzeko. Laguntza guzti hauekin, 600 familia ingururi laguntza ematen die JAED elkarteak.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!