"Zilarra sorpresa izan da, ez nuen finalerako sailkatzerik ere espero"

Anboto 2013ko mar. 13a, 08:22
Bidezabalgo Naroa Martinezek (Durango, 15 urte) zilarrezko domina irabazi du pista estaliko Espainiako txapelketan. Valentzian jokatutako kadete mailako txapelketan lortu du domina Martinezek, 600 metrotan. Horrez gainera, finalerdietan Euskadiko errekor berria ezarri zuen

\"\"Bidezabalgo Naroa Martinezek (Durango, 15 urte) zilarrezko domina irabazi du pista estaliko Espainiako txapelketan. Valentzian jokatutako kadete mailako txapelketan lortu du domina Martinezek, 600 metrotan. Horrez gainera, finalerdietan Euskadiko errekor berria ezarri zuen.

 

Zenbat atleta joan zineten Bidezabaldik?

Neu izan nintzen Bidezabalgo atleta bakarra. Isidoro Hernandez entrenatzaileagaz, Aitor Casal Bidezabalgo presidenteagaz eta familiagaz joan nintzen.

 

Finalerako sailkatu eta zilarrezko domina irabazi zenuen. Espero zenuen horrelako emaitzarik?

Finalerako sailkatzerik ere ez nuen espero, beraz, zilarra irabaztea sorpresa izan zen, oso sorpresa pozgarria.

 

Lehenengo finalerako sailkapen proba izan zenuen.

Bai. Lasterketa azkarra izan zen hasiera-hasieratik. Lehenengo ipini nintzen, eta neuk markatu nuen erritmoa. Entrenatzailearen eta bion artean hartutako erabakia izan zen. Nahiago dut horrela egin, erosoago sentitzen naiz. Gainera, garrantzitsua zen denbora ona egitea. Izan ere, lehenengo biak zuzenean sailkatzen ziren, baina txanda denetako denborak kontuan hartuta sailkatzen ziren beste lau. Azkenean, lehenengo sailkatu nintzen.

 

Finalerdi hori gogoan izateko beste arrazoi bat ere baduzu.

Bai. Kadeteen mailan Euskadiko marka berria ezarri nuen (1.37.66). Helmugara heldu nintzenean, ez nuen ezer berezirik lortu izanaren sentzaziorik. Entrenatzaileak esan zidan errekorrarena. Ez nuen inondik inora espero. Pista estaliko nire markarik onena 1.43 inguruan zegoen. Donostiako Anoetan lortu nuen. Aire librean, berriz, 1.38 zen markarik onena. 1.37ra sekula jaitsi gabe nengoen.

 

\"\"Finalean ere zeuk markatu zenuen erritmoa?

Ez. Nahiago izan nuen apur bat atzerago ibili. Kataluniako korrikalari batek erritmo ona zeramala jabetu eta bere atzean ipini nintzen. Laugarren nindoan. Azken metroetako esprintean hirugarren tokian helmugaratzea lortu nuen. Ondoren, bigarrena deskalifikatu egin zutela esan zidaten, eta zilarrezko domina irabazi nuela. Ezin nuen sinistu, asko poztu nintzen.

 

Zelakoak izan ziren lasterketa hasi aurreko uneak?

Finalerdia arratsaldez lehiatu eta hurrengo goizean izan zen finala. Gauez, nik uste baino hobeto lo egin nuen. Finala hurreratu ahala, hasi nintzen urduritzen. Lasterketa hasi aurretxoan, oso nerbiosa nengoen. Baina lasterketa hasi zenean, lasaitu egin nintzen.

 

Fray Juan de Zumarraga institutuan ikasten duzu. Zer esan dizute lagunek?

Lagun eta ezagunek zoriondu egin naute, eta berdin jarraitzeko esan didate.

 

15 urtegaz, oraindik zure mugak ezagutzen zabiltza. Beste distantziarik probatu gurako zenuke?

Beno, 300 eta 1.000 metroak ere probatu ditut, baita abiadura probak ere. Baina orain, 600ean zentratuta nabil. Uste dut nire dohainei ondoen egokitzen zaien distantzia dela.

 

Zer dohain behar ditu 600 metroko korrikalari on batek?

Ez da distantzia luzea, eta abiadura izan behar du. Era berean, erritmo konstantea mantentzeko ahalmena izan behar du. Berez, ez da iraupen proba bat, baina erritmoari eusteko kapaz ez dena, alferrik dabil.

 

Zer hobetu behar duzu atleta azkarragoa izateko?

Irteerak hobetu behar ditut. Kosta egiten zait berotzea, eta lasterketan behar moduan sartzea.

 

Eta zeintzuk dira zure dohainik onenak?

Azken esprinta, esango nuke. Korrikalari batek behar duen beste dohain bat da lekua hartzeko abilidadea. Barrualdea edo kanpoaldea hartzea, komeni zaizun korrikalariaren atzean kokatzea… Denek ez dute garbi jokatzen. Ukondoak dantzan ibiltzen dira sarritan.

 

Noiz hasi zinen Bidezabalen?

Orain lau urte hasi nintzen Bidezabalen. Txiki-txikitatik gustatu izan zait arineketan egitea. Txikitatik gimnasia erritmikoa egin izan dut lau-bost urtez. Gustatzen zait kirol hori ere, baina gurago dut atletismoa. Beraz, Bidezabalera batu nintzenean, gimnasia erritmikoa utzi nuen. Uste dut, barru-barruan beti sentitu dudala atletismoa zela nire kirol kuttuna.

 

Zeintzuk dira zure hurrengo hitzorduak?

Asteburuan, selekzioen arteko Espainiako kros txapelketan lehiatuko naiz, Avilan. Euskadiko selekzioagaz ariko naiz.

 

Baduzu atletaren bat zure gustukoa dena?

Ez, ez dut eredu moduan hartzen dudan atletarik. Marta Dominguez gustatu izan zait, baina berez, ez dut eredu lez hartzen dudan inor.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!