San Agustin kulturguneak gonbidatuta El show de Dodó eskainiko dute gaur, Uda Kalean Bizi jaialdiaren baitan.
Buenos Aires eta Madrilgo lau musikarik osatzen dute Dodó-ren ikuskizuna. Eta askotariko instrumentuak jotzen dituzten lau musikari handi dira sortzaileak. Besteak beste, biolontxeloa, biolina, tronpeta, pianoa, akordeoia, armonika, klarinetea, perkusioa eta ahotsak izango dira El show de Dodó saioan entzungai. Biolin-tronpeta bezalako instrumentu bereziak ere joko dituzte Marina Sorin, Luca Frasca, Nacho Mastretta eta Martin Bruhn musikariek.
Kabareteko musika egiten dute, eta entzuleak 1930eko hamarkadako Berlingo girora eroaten dituzte musikaren bitartez. Musika emanaldia baino gehiago da El show de Dodó: antzerkiko clown teknika ere badarabilte. Gaur, Andra Marian eskainiko dute ikuskizuna, 20:00etan.
Durangaldeko sortzaileak
Eskualdeko sortzaileek parte hartzen duten bi lan ere badakartza datozen egunetako Durangoko kultur egitarauak: La Papa Teatro taldearen helduentzako ipuin kontalaria, uztailaren 12an; eta Gorka Gansok zuzentzen duen Orsai.
Kultura antzokitik kalera ateratzeko antolatu dute Uda Kalean Bizi programazioa, eta hainbat aukera eskainiko dizkio datozen egunetan kulturzaleari.