Gabriela Arosemena hil aurreko datuak batu gura dituzte

Anboto 2012ko mai. 18a, 09:14

Herritar guztiei dei egin diete familiak eta lagunek maiatzaren 5ean gertatuaz lekukotzak emateko. Durangoko Udaleko alderdi guztiek komunikatu bat sinatu dute, Arosemenaren heriotza deitoratu eta familiartekoei eta lagunei doluminak helerazteko

Herritar guztiei dei egin diete familiak eta lagunek maiatzaren 5ean gertatuaz lekukotzak emateko. Durangoko Udaleko alderdi guztiek komunikatu bat sinatu dute, Arosemenaren heriotza deitoratu eta familiartekoei eta lagunei doluminak helerazteko.

 

Maiatzaren 5ean Juan de Iciar auzoko leiho batetik jausi eta hil zen Gabriela Arosemena. Heriotza ikertzen jarraitzen du Ertzaintzak, baina datu gehiago ez dutela adierazi dute asteon. Familiak eta lagunek herritar guztiei laguntza eskatu diete, lekukotzak jaso eta gau hartan gertatu zena argitu guran.

 

Maiatzaren 4tik eta maiatzaren 5erako goizaldean, Traña-Matiena (Abadiño) edo Durango inguruan egon zitezkeen herritarrei eskatu diete laguntza. Baten batek Arosemenagaz lotutako  daturen bat edukiz gero,  Durangoko 4. Instrukzio Epaitegira joateko eskatu dute. Honako telefono zenbakiak eman dituzte: 94 603 00 54 edota 94 603 00 60.

 

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen, heriotzaren aurretik emakumea giltzapetu izana leporatuta; ondoren aske utzi zuten, epailearen aurretik pasatzeko zain. Polizien ikerketak baztertu egin du hilketa izan zenik.

 

Udalbatzaren dolumina

Durangoko Udaleko alderdi guztiek komunikatu bat sinatu dute, Gabriela Arosemenaren heriotza deitoratu eta familiartekoei eta lagunei doluminak helarazteko.

 

Adierazi dutenez, udala Ertzaintzagaz eta genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko zuzendaritzagaz elkarlanean dabil, eta eskaria egin diete agintariei, argitzeko “herria astindu duen heriotza hau ahalik eta arinen”.
Kasua polizia-ikerketapean dagoenez, adierazpenak egiterakoan udalak “zuhurtziaz” jokatu gura duela azaldu dute; “ekintza polizialak ez eragozteko eta, hala balegokio, ezta judizialak ere”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!