HABEko zuzendari Iñaki Uribe etorri da sariak ematera eta Udal Euskaltegia bisitatzera. Durangoko euskalduntze eta alfabetatze datuak eman dituzte; 2011-2012 ikasturtean 338 heldu dabiltza euskara ikasten Udal Euskaltegian eta AEKn.
Durangoko Azokan HABEk abiatutako zozketan 1.800 pertsonek parte hartu dute eta kasualitatez, berriztar bik irabazi dituzte lehen eta bigarren sariak; Olga Marcosek I-pad bat eta HABEk eskainitako materialez betetako poltsa irabazi du, eta Jon Zinkunegik HABEk eskainitako materiala. Durangoko Udal Euskaltegian jaso dituzte sariak bi berriztarrek, Iñaki Uribe HABEko zuzendariaren eskutik.
Sari banaketa pasa den abenduan 25 urte bete dituen euskaltegia bisitatzeko aprobetxatu du Uribek. Bertan azaldu duenez, "egoitza berrian berrikuntza ikaragarriak egin dituzte, eta beste euskaltegi askorentzat eredugarriak dira". Arbel digitalak eta wifi konexioa dituzte, besteak beste, Saibi kaleko eraikin berrian.
Ikasleen datuak
Euskalduntzen eta euskaraz trebatzen dabiltzanen datuak eman ditu ekitaldian Maite Euba euskaltegiko zuzendariak. Durangon 338 heldu dabil ikasturte honetan euskara ikasten -236 udal euskaltegian eta 102 AEKn-. Ikasleen perfila azken urteotan zahartu egin dela nabarmendu du Eubak: "36 eta 45 urte artekoak dira, gehienak emakumeak". Ikasleen beharrizanetara egokitu guran, modulo txikiagoak ematen dituztela nabarmendu du. On-line ikastaroak geroago eta gehiago direla ere azaldu du.
Udaletxeko langileentzako tailerrak
Aurten lehenengoz udaletxeko langileentzako trebatze tailerrak hasi dituztela azaldu du Maite Eubak. 50 langile dabiltza hiru taldetan banatuta: "Euren lanorduetan egiten ditugu tailerrak, astean behin elkartuta". Euskara Planaren barruan dagoen ekimena da langileen formazioarena eta urritik ekainera 60 ordu egingo dituzte euskara trebatzen.