Durangoko Udal Euskaltegiaren inguruan hainbat lagun batuko dira, gaur, 25.urteurrena ospatzeko ekitaldian. Lehenago ikastaro trinkoagoak; orain laburragoak eta ordenagailu bidezkoak... 25 urte daramatza zabalik Udal Euskaltegiak, herritarrak euskalduntzen eta euskaraz trebatzen. Zuzendari Maite Eubagaz urte horien errepasoa egin ahal izan dugu.
Sortu eta gutxira hasi zinen Durangoko Udal Euskaltegian beharrean. Zelan gogoratzen duzu orduko giroa?
Euskaltegia zabaldu zutenean ni ordezko lantxo bat egiten nenbilen Zornotzako euskaltegian, eta pentsatu zelan aldatu diren denborak: orduko hemengo zuzendaria grabazioak egitera joaten zen Zornotzara, ikas-material moduan ibiltzeko. Gaur egungo erraztasunik, alde horretatik, ez zegoen. Orain baino ikasle gehiago zegoen. Akordatzen naiz Jesuitetan ere ematen genituela eskolak iluntze batzuetan; euskaltegi alboko beste gela batzuk ere erabili genituen... Jende gazteagoa zebilen. Geu ere gazteagoak ginen, eta ikasleak ere gazteagoak ziren.
Asko aldatu da ikasleen profila?
Guztiz desberdina da. Gaur egungo ikasle ia gehienak 35 urtetik gorakoak dira, asko ikasketadunak, eta emakumeak etortzen dira batez ere. Beharrerako tituluen bila etortzen dira gehienak; EGA edo hizkuntza eskakizunen bat. Lehen euskalduntzea zen helburu nagusia, eta orain hizkuntza hobetzea da.
Etorkinak euskalduntzen ere egiten da beharra.
Bai, baina euren lehentasunak beste batzuk dira. HABEko ohiko modulua astean hamar ordukoa da, eta gaitza da etorkinak etortzea, beste premia batzuekin dabiltzalako, eta ez dutelako denborarik izaten. Alde horretatik, Aisa izeneko modulu labur eta bereziak eskaini izan ditugu, AEKgaz batera. Bide interesgarriak jorratu ditzakegu horretan, HABEk horrelako proiektuak diruz laguntzea erabakitzen badu bere plan estrategiko berrian.
Euskara ikasteko orduan, militantziak pisu handia zuen lehenago. Gaur egun ere bai?
Guk argi daukagu ez garela akademia bat, eta gure lana ez dela euskalduntzera mugatzen; normalizatzea ere bada: zabaltzea, sentsibilizatzea... eta ahalegintzen gara hainbat ekintza antolatzen, antzerkira joaten; Euskarak 365 egun lako kanpainetan parte hartzen... Herri mailan egiten diren normalizaziorako ekintza guztietan parte hartzera animatzen dugu. Behintzat, ezin gara egon lehengoa malenkoliaz gogoratzen. Motibazio printzipala profila ateratzea izango da, eta hori ezin duzu ukatu, baina ahalegintzen gara bestelako sentimendu horietara hurbiltzen, eta hori lortzeak poza ematen du.
Ilusio hori ez galtzea garrantzitsua izango da, beraz.
Urteurren jaialdian atzera begiratu dugu, lehenagoko argazkiak erakutsiz, baina hori aurrera egiteko tranpolina da. Ilusioa uste dut lehenago bestekoa edo handiagoa daukagula, eta ez da erraza hori esaten. Egiteko hainbat gauza daude, eta zelan egin pentsatzea erronka da guretzat. Horretarako, lantalde ona daukagu; esperientzia handikoa. Ikusi dugu motibazioa, beharbada, ez dela guk nahiko genukeena, baina urteotan ikasitakoak asko balio digu aurrera begirako formulak asmatu ahal izateko.
Lehenago jendeak ez zuen lan mundurako euskararik behar...
Eta orain lanerako euskara eskatzea normalizaziorantz goazen seinale da. Lanagatik euskara ikasten bazabiltza, zure lan esparrua normalizatu egingo da, eta zure zerbitzua euskaraz eskaini ahalko didazu niri. Hortik aurrera, zure bizitzan zer egingo duzun, hori zure esku dago, baina niretzat, nire normalizaziorako garrantzitsua da zuk lanean euskaraz funtzionatzea. Horra heltzen gabiltzala uste dut.
Zelan irudikatzen duzu euskaltegia 10 urte barru?
Teknologia aldetik asko hobetu dugu, eta ematen du aurrerantzean asko komunikatuko garela online bidez. Klase presentzialak eta onlinekoak konbinatu beharko dira aurrerantzean ere. Hori teknologiari begira, eta bestela, erabilerari begira salto handia egin behar dela uste dut. 30 urte pasatu dira euskalduntze premia somatu zenetik. Ezagutzan asko aurreratu da, hezkuntza arloan egindako lanagatik, baina erabileran eta trebakuntzan egiteko asko dago. Jende asko ez da gai sentitzen lanean euskara erabiltzeko, eta Berbalagun lako egitasmoen laguntza behar du ikasle askok.