Atzo gauean Durangoko San Agustin kultur gunean antolatu zuten Durangoko udal Euskaltegiaren 25. urteurreneko ekitaldia.
Maite Euba Udal Euskaltegiko zuzendariak eman zien ongietorria ekitaldira gerturatu ziren udal ordezkari, elkarteetako kide, irakasle eta ikasleei. Joserra Agirreurreta lehenengo zuzendariak ere ekitaldian parte hartu zuen. Udal Euskaltegiaren hasierako pausoak gogora ekarri zituen. Ander Salaberria alkate zela proiektua aurrera atera zedin lankideekin eta udal ordezkariekin izandako hartu-emana gogoratu zuen. Bizkaierak zuen "balioa" orduan aintzat hartu zuela azaldu zuen. Aitziber Irigoras alkateak urte hauetan Udal Euskaltegian jardun dutenek izan duten "gogoa" azpimarratu zuen.
Bertaratutakoek gogotsu ikusi zituzten 25 urteotan Udal Euskaltegian ateratako argazkiekin osatutako proiekzioa. Jarraian antolatutako lunchagaz amaitu zuten ekitaldia.