'Balcón de Bizkaia' Rallya berriro ere Euskadiko Rally Txapelketan

Anboto 2012ko urt. 29a, 08:47

Urte biko parentesiaren ondoren, 2012ko ekainean berreskuratu egingo dute rally hori

Urte biko parentesiaren ondoren, 2012ko ekainean berreskuratu egingo dute rally hori.

 

Joan zen barikuan, Durangaldeko Racing elkarteak Pinondon burututako batzarrean 2012rako prestatuta dituzten asmoak iragarri zituen. Aurten ‘Balcón de Bizkaia’ rallya berreskuratuko dutela adierazi zuten. 2009an antolatu zuten azkenengoz eta aurten ekainaren 23an izango da rally horren laugarren aldia. 2009an ez ezik, 2006an eta 2007an ere lehiatu zen. 

 

Bestalde, iaz aurreratu zutenez, Urkiolako Igoera oraingoz bertan behera uztea erabaki dute. Rally horrez gainera, aurten zortzi lasterketa antolatzen parte hartuko du: rallysprintean lur gaineko Zeberio-Arteakoa; igoeretan Zeberio eta Dimakoak; slalometan Dima, Igorre, Zeberio eta Ugarama-Dimakoak, eta, erakustaldietan Zornotzakoa.

 

Lizentziak eta Kopa berriak

Aurkezpen batzarrera Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko lehendakaria ere etorri zen. Martxoan hasiko den denboraldiko lasterketa batzuek hiru kopa berritarako puntuak ere banatuko dituztela azaldu zuen. Kopa Fiat Punto (abarch preparaziokoa),  E30 modeloko BMWak (2.500 zentimetro kubiko eta atzeko trakziodunak) eta kopa irekia (1.600 zentimetro kubikora arteko).

 

Bestalde, aurtendik aurrera euskal lizentziak atera behar dira, Euskadiko Automobilismo Federazioak kudeatuko dituenak. Lizentzia horregaz Euskal Autonomia Erkidegoan, Kantabrian, Galizian eta Valentzian lehiatu ahalko da. Handik kanpora lehiatzeko, baina, Espainiako lizentzia beharko da. Gurrutxagak adierazi zuenez, lizentziak Errioxarako eta Nafarroarako ere balio dezan negoziatzen dabiltza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!