Musika konposatzaile legez eta musikakren alorrean egindako ekarpenak eskertu dizkio horrela Astarloa kultur elkarteak.
Astarloa kultur elkarteak urtero banatu ohi duen Astarloa Saria Jesus Egiguren (Durango, 1945) musika konposatzaileak jaso du aurten. Atzo Durangoko Batzokian egindako ekitaldian Astarloako presidente Larraitz Diagoren eskutik jaso zuen saria.
Egigurenek aipatu duenez, "Astarloak kultura zabaltzen lan egiten du eta beti pozgarria da horrelako sari bat jasotzea; esker oneko nago". Eskuartean dituen proiektuei buruz ere jardun du Egigurenek. Musika konposatzerako orduan ezaguna den \'Finale\' programan zazpi artxibo dituela adierazi du, bakoitza sinfonia bati eskainia. Sinfonia bakoitza nota bati eskainia dago (Do, Re, Mi, Fa, Sol, La, Si). Horietako batzuk "ia amaituta" dituela dio era beste hainbat "nahiko aurreratuta". Horrez gainera, Durangoko Bandarentzat obra bat sortzen ari da; 2012ko martxoaren 17an San Agustin kultur gunean eskainiko duten kontzertu batean estreinatuko dute obra berri hori: "Hartueman hurrekoa dut Durangoko Bandagaz. Aurtengo maiatzean euren konzertu batean egon nintzen eta nire aspaldiko obra bat jo zuten. Horren harira proposatu nien obra berriaren ideia". Hori guztia gutxi balitz, Bilbao Orkestra Sinfonikoarentzat perkusio obra bat sortzen dabilela ere badio.
Jesus Egigurenek ibilbide oparoa du musikagintzan. Esaterako, aurten bertan Euskadiko Orkestraren enkarguz Kindly Symphony obra sortu du. Bere beste hainbat pieza Madril eta Frankfurteko jaialdi entzutetsuetan estreinatu dira eta, besteak beste, 1994an Luis de Narvaez saria irabazi zuen. Durangoko Musika Eskolako sortzaileetako bat da eta bertan dihardu irakasle. Bartolome Ertzilla orkestrako zuzendaria ere bada.