Durangon musika klasikoa entzuteko aukera zabaldu asmoz aurkeztu dute Musika Hamabostaldia Bartolome Ertzilla Musika Eskolak eta Udalak. Musika eskolan egin dute, urrian eta azaroan hiru musika emanaldi dakartzan zikloaren aurkezpena.
Egitaraua |
Urriak 31, 21:00 Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Arriaga, Mendelsson eta Jesus Egigurenen obrak eskainiz, Andra Maria basilikan (sarrera doan) |
Azaroak 12, 20:00 Trio Gremonda taldearen ganbera musika emanaldia, San Frantzisko elizan (sarrera doan) |
Azaroak 27, 18:00 Sasibil elkarteak eskainita, La Revoltosa zarzuela, San Agustin kulturgunean (sarrera 12 euroan) |
Orain hogeita bi urte martxan ipini zutenean legez, Durangon musika klasikoa entzuteko aukera zabaltzeko asmoz aurkeztu dute Musika Hamabostaldia Bartolome Ertzilla musika eskolak eta udalak. Eguaztean, musika eskolan egin zuten urrian eta azaroan hiru musika emanaldi dakartzan zikloaren aurkezpena Aitziber Irigoras alkateak, Alfredo Sanz musika eskolako zuzendariak, Xabier Arana musikazaleak eta emanaldietako bateko protagonista den Jesus Egiguren konposatzaileak.
Egigurenek Euskadiko Orkestraren enkarguz sortu zuen eta otsailean estreinatu zuen Kindly Symphony eskainiko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak urriaren 31n. Musikariak aurkezpenean azaldu zuenez, “hogei minutu inguruko iraupena daukan sinfonia oso entzungarria, atsegina da Durangon entzungai izango dena”. Bilbon aurkeztu zutenean entzunda, “zinemako musika konposizioen antza” daukan lana dela azpimarratu du alkateak. Urriaren 31n Andra Mariko eliza izango dute EOS-ekoek oholtza.
Musika eskolako Sanz zuzendariak azaldu duenez, edizio guztietan moduan, musika klasikoaren ahalik eta aukera zabalena eskaintzeko, “aipaturiko sinfonia, ganberako musika eta abesbatza” ekarriko ditu Hamabostaldiak Durangora.
Bigarren hitzorduan, Alemaniako ganbera hirukote baten musika eskainiko die musikazaleei Durangoko ziklo honek; Sturtgard-eko goi mailako musika eskolan irakasle diren biola-, flauta- eta gitarra klasiko-jotzaileak gonbidatu dituzte azaroaren 12rako.
Hamabostaldiaren eskaintza borobiltzeko, “Durangon zaletu asko dauzkan zarzuela” ere ekarriko dute, azaroaren 27an. Adituek zarzuelen artean onenetarikotzat jotzen duten La revoltosa ikusteko aukera San Agustin kulturgunean esakiniko dute.