Markeliñeren lan berriagaz ekingo diote Uda Kalean Bizi programazioari Durangon

Anboto 2011ko eka. 15a, 08:54

Ekainaren 24an, 22:00etan, Ezkurdin izango da Markeliñeren emanaldia, eta uztailaren 23ra arte Durangoko beste hainbat espazio beteko ditu kultur eskaintzak.

Duela 27 urte Zornotzan Markeliñe antzerki taldea sortu zuten Joserra Martinez eta Iñaki Egiluz gonbidatu dituzte aste honetako San Agustin kulturguneko Uda Kalean Bizi kultur egitarauaren aurkezpenera. Duragon Anomalía magnética obra berria eskainiko duen taldeko kideekin batera, aurkezpenean izan dira Mari Jose Balier zinegotzia eta Arantza Arrazola Durangoko kulturguneko kudeatzailea.

Aurten hamabigarrenez antolatu duten programazioa zabaltzeko Markeliñe antzerki taldeak dakarren ikuskizuna “poetikoa, bisuala, dibertigarria eta zirikatzailea” dela azaldu digute Markeliñeko partaideek eurek.

“Naturagaz lotzen gaituzten loturak galtzea dakarren sistema honi autopsia egin eta hainbat galdera planteatzen ditugu”, azaldu du aurkezpenean Egiluzek. Anomalía magnética honetan ere, ikusleek ezagun eta hain gogoko duten Markeliñeren “ikuskizunaren alderdi plastikoaren eta argiaren lanketa eta interpretazio sendoa” baliatu dituzte. Eszena komikoak eta larriagoak, dramatikoagoak, antzezten dituzte obran.

Ekainaren 24an, 22:00etan, Ezkurdin izango da Markeliñeren emanaldia, eta uztailaren 23ra arte Durangoko beste hainbat espazio beteko ditu kultur eskaintzak. Balier zinegotziak dioenez, “udazken, negu eta udaberrian San Agustin barrualdean izaten den eskaintza kalera ateratzea, kalea kultur topagune bilakatzea” da programazioaren helburua.

Durangoko kaleko bost gunetan izango dira Uda Kalean Bizi jaialdiaren ondorengo bederatzi emanaldiak ere, eta aurten, lehenengoz, Kurutzesantu museoko lorategian ere izango da egitarau honen barruko emanaldi bat:  Kurutzesantu museoaren lorategian eskainiko du Tiziana Tagliani musikari italiarrak Arantza Arrazolak “arpa kontzertu intimo” legez aurkeztu duena.

San Agustingo kudeatzaileak azpimarratu duenez, “bertako sortzaileen azkeneko lanak” biltzen ditu Uda Kalean Bizi egitarauak. Datozen asteetan, kalitateko musika eta antzerkia haizetara eta doan izango dute herritarrek aukeran: Durangoko Ulannah musika taldeak, eta Gorakada eta Ganso & Cía antzerki taldeak eskainiko dituzten euren lanak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!