Taberna askok bezeroek kanpoaldean erre ahal izateko terraza berriak jarri gura dituzte berogailuagaz edo aterpeagaz.
Ostalariak eta Durangoko Udala araudiaren aldaketak aztertzen dabiltza PERCO mahaian Ostalaritza establezimenduetan kalean terrazak ipintzea arautzen duen ordenantza 2005ean ipini zuten indarrean. Tabakoaren Legeak, baina egoera aldatzea eragin du. Taberna askok bezeroek kanpoaldean erre ahal izateko terraza berriak jarri gura dituzte berogailuagaz edo aterpeagaz.
Terrazen araudia egoera berri horretara egokitu guran, ostalariak eta udala hartu-emanean jarri dira. Iñigo Carreto + Dendak elkarteko ostalarien arduradunak azaldu duenez, \"Durangoko Udalak ordenantzaren aldaketak gurekin egin gura ditu\". Gaia merkataritza bultzatzea helburu duen PERCO mahaian aztertzen dabiltza. Bilgune horretan +Dendak eta Durango Bai elkarteetako ordezkariak eta Durangoko udal arduradunak biltzen dira. Udaleko teknikariak hasi dira terrazen gaia aztertzen. Hirigintza Batzordearena da azken erabakia.
Kuoten ordainketa
Indarrean dagoen ordenantzagaz beharrezkoa da urtero terrazak ipintzeko baimena eskatzea eta baldintza batzuk betetzea. Baina, Pilar Rios PSE-EEko zinegotziak prentsaurrekoan azaldu duenez, \"ostalari askok euren eskaera eta txostena urtero-urtero udalean aurkeztu arren, udalaren partetik ez dute erantzunik ere jaso oraintsu arte, euren egoera alegala bihurtu delarik\". Ondorioz, \"ordutik udalak ez du terrazen gaineko zergarik kobratu, eta udaleko diru-kutxak 300.000 euro inguru jasotzeari utzi dio\". Egoera horren aurrean, gobernu taldearen \"kudeaketa negargarria\" salatu dute sozialistek.
Gainera, sozialisten arabera oraintsu hasi dira espedienteak aztertu eta erantzuten: \"Zergak lau urteko atzeraeraginezko izaeragaz kobratzeko aukera ahalbidetzen dio ordenantzak udalari, eta horrek esan gura du ostalari askok, bat-batean, faktura handiak jasoko dituztela. Bizi dugun egoera ekonomikoan, erabaki horrek kalte handia eragingo dio enpresari txikiari\". Udalak, karga hori errazteko, ordainketa zatikatua eta antzeko aukerak eskaini dituela diote, \"baina ez dira nahikoa\" euren ustez.Ordainketa ordenantza \"zuzen bete dutenek bakarrik\" egin beharko dutela kritikatu du Pilar Riosek.
+Dendakeko ostalariei terrazen kuoten ordainketaz galdetuta, udalagaz negoziatzen dabiltzala azaldu dute urteotako ordainketak zatika egin ahal izateko.