Tabako Gabeko Eguna ospatuko dute martitzenean

Anboto 2011ko mai. 30a, 08:52

Durangoko Ezkurdi plazan standa ipiniko du Amankomunazgoak informazioa emateko. \'Hautsi tabakoarekin\' lelopean ospatuko du Tabako Gabeko Eguna Minbiziaren Aurkako Elkarteak

Durangoko Ezkurdi plazan standa ipiniko du Amankomunazgoak informazioa emateko. \'Hautsi tabakoarekin\' lelopean ospatuko du Tabako Gabeko Eguna Minbiziaren Aurkako Elkarteak.

Maiatzaren 31 Tabako Gabeko Eguna da nazioartean, eta hori dela-eta Amankomunazgoko Drogomenpekotasunen Prebentziorako Zerbitzuak hainbat ekitaldi antolatu ditu.

Martitzen arratsaldean Durangoko Ezkurdi plazan standa ipiniko dute tabakoa erretzeak eragiten dituen ondorioen gaineko informazioa eskaintzeko. Erretzeari uzteko Amankomunazgoak antolatzen dituen ikastaroen inguruko informazioa ere emango dute, eta euretan izena emateko aukera egongo da Ezkurdin bertan. Arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara egongo da standa herritarrentzat gertu.

Minbiziaren Aurkako Elkarteak, berriz, Andra Mariko elizpean banatuko du tabakoak eragindako kalteak eta hori uzteko baliabideen gaineko informazioa. Iurretan ere jarriko dute mahaia Udaletxean. Horrela jakin eragin dute. Durangon, 11:00etatik 13:00era egongo dira eta, Iurretan, 10:00etatik 14:00etara.

Tabako Gabeko Egunagaz lotutako kanpainak erretzeari uzteak dakartzan onuren gainean gazteak kontzientziatzea du helburu: "Era berean, tabakoari glamour soziala kentzea eta erretzearekiko atxikimenduari dagokionez mailakako aldaketa kultural eragitea". Erretzeari uztea erabakitzen duten pertsonen eskura dauden doaneko zerbitzuen berri ematea ere badute helburu horrelako kanpainek.

Tailerrak
Aste honetan eskualdeko ikastetxeetan landu dute tabakoaren gaia, Drogomenpekotasunen Prebentziorako Zerbitzuko adituen laguntzagaz. Esperimentuen bitartez, tabakoak gorputzean eragiten dituen ondorioak ikusi dituzte Lehen Hezkuntzako 6.mailako ikasleek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!