AHTaren kontrako hiru ekintzaile epaituko dituzte datozen egunetan

Anboto 2011ko urt. 12a, 09:38

Eguen honetan bi gazte epaituko dituzte Bilbon, orain dela urte bi Azokaren bueltan autobus batera igotzeagatik; hilaren 19an beste bat Donostian, Ordiziako manifestazio batean jazotako istiluengatik.

Eguen honetan bi gazte epaituko dituzte Bilbon, orain dela urte bi Azokaren bueltan autobus batera igotzeagatik; hilaren 19an beste bat Donostian, Ordiziako manifestazio batean jazotako istiluengatik. Durangoko AHT Gelditu! Elkarlanak prentsa oharra bidali du egunotan izango diren epaiketen berri emanez. Alde batetik, herriko bi gazte eguen honetan epaituko dituzte Bilbon, 2008ko Azokako egunetan autobus batera igoz trafikoa mozteagatik. Desordena publikoa leporatzen diete, eta urte eta erdiko zigorra eskatu du fiskalak eurendako. \"Desobedientzia zibileko ekintza baketsua\" izan zela argudiatu du proiektuaren aurkako taldeak. Bestetik, urtarrilaren 19an Durangoko beste gazte bat izango da epaitua Donostian, 2008ko maiatzean Ordizian egindako manifestazio batean gertatutako istiluen harira. Fiskalak, kasu honetan, hiru urteko zigor eskaera egin du. Gasteizko, Iruñeko eta Madrilgo Gobernuak AHT eraikitzeko lanetan \"nahi eta ezinean\" dabiltzala uste du Elkarlanak. \"Jakin badakite dirurik gabe geratzen ari direla eta horren ondorioz, eta kontrakoa erakutsi nahi duten arren, hainbat lekutan lanak geldi daude aspalditik\", gaineratu dute. \"Horren aurrean, euren gizarte eredua zalantzan jartzen duen jendea epailearen aurrera eramatea besterik ez zaie bururatzen\", salatu dutenez. Agintariei kritika egin die Elkarlanak: \"argi dago PSEren Jaurlaritzak EAJk abiatutako bidetik jarraitzen duela, AHTren aurka egiten den edozein ekintza terrorismotzat hartzen eta epaitzen\". AHTa eraikitzeko ez dutela inolako arrazoirik uste du Elkarlanak, eta \"horregatik, betiko legez, euren argudio bakarrak errepresioa eta inposaketa dira\", diote.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!