Aldarri feministek Durangalde eta Euskal Herri osoan izan dute isla. Bilgune Feministak, adibidez, "egiturazko irtenbideak" behar direla plazaratu du, indarkeria matxista "egiturazkoa" delako. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian bost emakume hil dituztela gogorarazi dute, eta indarkeria matxista desagerrarazteko "borondate politikoa eta inplikazioa" eskatu diete erakunde publikoei. Horrez gainera, "lerratzera" deitu dituzte herritarrak: "Alde ala kontra. Feminismoaren alde ala kontra".
Itaiak gogorarazi du indarkeria matxistagaz lotutako 10.000 eraso erregistratu direla aurten Euskal Herrian, eta emakumeen babesa bermatzeko "ezinbestekoa" dela borroka egitea. Gizarte kapitalistaren barruan matxismoak "funtsezko papera" betetzen duela adierazi dute, eta, gaineratu, "faxismoa emakume langilearen kontrako proiektua" dela. Ildo horretan, "lehentasunezko auzitzat" jo du Itaiak "kalean matxismoaren eta faxismoaren zabalkundeari aurre egitea".
Eudelen baturiko udalek, tartean eskualdekoek, herritarren jarrera aktiboa eskatu dute indarkeria matxistari aurre egiteko. "Ez da nahikoa indarkeria arbuiatzea argi eta garbi agertzen denean, Beharrezkoa da errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea, hari eusten dioten jokabideak zalantzan jartzea, diskurtso misoginoen aurrean isiltasuna haustea eta negazionismoari aurre egitea", azpimarratu du Eudelek. Era berean, gaineratu du indarkeria matxistaren aurrean ez dagoela "neutraltasun egoera posiblerik", ez begiratzeak eta ez erreakzionatzeak ere badituelako ondorioak. "Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu aurrera pauso bat ematera: entzun, lagundu eta sostengatzera; interesa agertzera; emakumeen aurkako edozein indarkeria-mota prebenitzeko eta eragozteko jardutera", gaineratu dute.