Herri bat gehiago sasoi bateko Gau Beltza berreskuratzeko zerrendan: Zaldibar

E.H.

Gaba Baltzeko ekitaldi bat, iaz, Durangon. BERBARO

Gauza jakina da hau: Halloween eta Ameriketako Estatu Batuetako ohiturak gure artera ailegatu baino lehenago, Euskal Herrian Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzen zen. Behar zen moduan, gainera. Beldurra emateko istorio, trapuzahar, kalabaza eta guzti. Eta azken urteotan Durangaldeko herri askotan dabiltza garai bateko usadioa berreskuratzen.

Bada, aurten, beste udalerri bat batuko da antzinako ohitura hori berreskuratzeko zerrendara: Zaldibar. Bertan, lehenengoz ospatuko dute Gau Beltza ohitura galdu zenetik hona. Herriko guraso talde bat dabil antolakuntza lanetan: "Batetik, inguruko herrietan Gau Beltza berreskuratzen hasi zirela ikusten genuen, eta, bestetik, Zaldibarren Halloween indarra hartzen ikusteak eta herriko umeak mozorro komertzialekin kalean ezelako egitaraurik barik ibiltzeak zer pentsatu ematen zigun", azaldu du Nerea Urizar ama zaldibartarrak. Udalak Gau Beltza antolatzera deitu zuen orduan, eta guraso talde txiki bat batu zen bertan, egitarau polit bat egiteko: gaur, barikua, kalabazak husteko tailerra egingo dute. 17:00etarako ipini dute ordua, udaletxeko plazan. Eta bihar, urriak 31, Gau Beltza ospatuko dute. 19:00etan kalejira egingo dute herriko kaleetan, udaletxetik hasita, eta ipuin kontalariak ere egongo dira. Amaieran, Beldurrak sutara ekitaldia eta dantza herrikoia egingo dituzte. "Ekitaldian, Zaldibarko umeek euren beldurrak idatziko dituzte paper batean, eta surtara botako dituzte gero, sua egingo dute-eta herriko plazan. Zelanbait esateko, keagaz batera desagertuko dira beldurrok", azaldu du Urizarrek. Izan ere, eskolako umeak euren beldurrak papereratzen ibili dira egunotan, eta paper horiek garretara botako dituzte zapatuan. Baina umeak bakarrik ez. Antolatzaileek helduak ere gonbidatu dituzte ekitaldian parte hartzera eta beldurrak paperetan idaztera. Ekitaldia dantzan amaituko dute. 

Hamaika ekitaldi herrietan
Nerea Urizarrentzat eta gainerako antolatzaileentzat aurtengoa lehenengo katebegia izan daiteke ohituraren "transmisioan eragiteko". Eskualdeko gainerako herrietan ere orain urte batzuetako ildoari eutsiko diote. Zornotzan, adibidez, kalejira, beldurrak erretzeko ekitaldia eta diskofesta egingo dituzte. Iurretan beldurrezko ibilbidea egingo dute lehenengo, eta Abadetxean Errementari filma emango dute. Elorrion Gaztainerre, 'beldurrak sutara' eta aurpegi margotzea izango dituzte zain, eta Berrizen Erica Liquetek beldurrezko ipuinak musikatuko ditu. Durangon Arimen Etorrera irudikatuko dute Tabiratik Andra Marira. Gero, ikuskizuna egingo dute elizpean.

Gau Beltzeko ekitaldi eta ordutegi guztiak 19. orrialdeko agendan kontsultatu daitezke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!