Durangok eta Zornotzak Itzuliko etapa amaiera bana hartuko dute 2027an

Anboto

Ainhoa Salterain eta Mireia Elkoroiribe, Zornotza eta Durangoko alkateak hitzarmena sinatzen, OCETAko presidente Javier Riañorekin batera.

Oraingoz ez dute eman etapen gaineko xehetasun gehiago. 

2027ko Itzulia Basque Country apirilaren 5etik 10era izango da eta Durangok eta Zornotzak etapa amaiera bana hartuko dute. Halaxe iragarri dute antolatzaileek sare sozialetan, herri bietako alkateekin hitzarmena sinatu ostean. Momentuz ez dute iragarri etapa horiek zein egunetan izango diren. Itzulia Basque Country 2027ko ibilbide osoa "laster" jakinaraziko dutela diote.

Durangoko Udalak ohar batean azaldu duenez, "hitzorduak jarraipena emango dio Durangok txirrindularitzarekin duen lotura estuari, kirol horrek tradizio luzea baitu eta zale asko biltzen baititu udalerrian; txirrindularitza zaleek Durango ezagutu ahal izango dute, eta tokiko jarduera ekonomikoari mesede egingo zaio".

Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak ohar batean adierazi du “oso pozik" daudela Itzulia Zornotzara bueltatzen delako. "Txirrindularitza tradizio handiko herria gara, eta badakigu zornotzarrek izugarri gozatuko dutela etapa amaiera hau Itzuliaren hurrengo edizioan".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!