Omenaldia egingo dizute hemen, Iurretan. Pozik?
Ez neukan horren ilusio handirik, baina bai, eskertzen dut Bertsozale Elkarteak egin duen ahalegina. Dudarik barik, orain norberak dauka ardura eta horrek beldur apur bat sortzen du, baina bestela pozik, bai.
Ez da lehenengo omenaldia. Gerediaga auzoan iazko abuztuan ere jaso zenuen omenaldia. Zer lotura daukazu Gerediaga auzoagaz?
Gerediaga auzoan gazte-gazterik abestu nuen, 16-17 urtegaz. Bertsozale batzuk bazeuden han orduan, Martzial Esterripakoa-eta, bertsozale handiak. Ni ere bertsotan ibiltzen nintzen, apur bat, tabernetan eta lagun artean, eta fama apur bat hartu nuen. Orduan Martzial beti laguntzeko prest egoten zen, ni bultzatzen, bertsotan egin nezan. Eta harexek deitu zidan. Esango nuke Kofradia Eguna antolatzen zutela. Lehenengo, meza entzuten zuten, San Salvadoren, eta gero bazkaria egiten zuten. Bazkarian kantatzeko eskatu zidan. Ni orduan sekula ibili barik nengoen. Gogoan dut Gaztelutik joan eta han, ermitaren aterpean igota kantatu nituela bertso batzuk. Eta gero, handik urte batzuetara, plazetan-eta hasi nintzenean, sarritan joan nintzen San Salvadorera. Lotura horixe da, eta, horrez gainera, bertan lagunak ditut.
Noiz hasi zinen bertsotan? Zure gaztaroan ez zegoen bertso eskolarik.
Oso gazterik hasi nintzen, ze gure ama zenak-eta bertso zahar batzuk kantatzen zituzten, eta ni baino mutil zaharragoei ere entzuten nizkien. Bestalde, gure amak-eta esaten zuten euskara galtzen zebilela eta Durangon eta beste leku batzuetan ia inork ere ez zuela euskaraz egiten. Eta nik neure artean: 'Joño, euskara galdu? Euskaldunak izan eta euskara galdu?'. Hori buruan neukan beti. Era berean, Abadiñon tabernetan hasi ginenean, lagun artean bertso zahar batzuk kantatzea gauza polita zela pentsatu nuen; gustatu egiten zitzaidan. Horrela hasi nintzen, bertso zahar batzuk ikasita, eta gero baita berriak ere kantatuta. Neure artean, lehenengotan, errima bi egiten nituen, eta ekinda, ba, hiru errimara heltzen nintzen, eta gero lau ere egiten nituen inoiz. Lagunekin ere ibiltzen nintzen Gazteluan.
Bertsozale amorratua zinen eta anekdota bitxi bat daukazu Afrikara soldadutza egitera joan zinenekoa. Han ere bertsotan ibili zinen.
Bai, normala, euskaldun mordoa izan ginen eta: gipuzkoarrak, nafarrak, denerik. Marokoko hiri batean gertatu zen hori, Sifi Ifnin. Kanpamentuan 3.000 mutil inguru egongo ginen, asko euskaldunak, Euskal Herri osokoak. Eta han kantina edo taberna zahar handi bat zegoen, ardoa-eta saltzen zuten, eta han elkartzen ginen asteburuetan. Bertan topatu nuen gu baino geroago joan zen Joseba Andoni Enbeita. Bertsotan egin behar, euskaldun artean zer egingo genuen, ba, besterik? Nik ere zeozer kantatu nuen, Enbeitak ere bai, eta bien artean zelan ibili ginen akordatzen naiz. Puntuka ere ibiltzen ginen eta behin hauxe bota nion: "euskaldunak garela ez egon ahaztuta", eta Enbeita erantzun: "gu hemendik joango gara burutik haustuta".
Gainera, eremu hartako azkeneko soldaduak izan zineten.
Bai, orduantxe amaitu zen hango soldadutza. Espainiak bere hango zatia eman zion Marokori eta akabo.
Omenaldia jasotzean atzera begira jartzeko aukera egoten da. Zelan baloratuko zenuke bertsolari ibilbide hori?
Nire ibilbidea luzea izan da, hasi 14 urtegaz eta orain arte. Ez naiz asko ibili plazetan; batez ere Bizkaian ibili naiz. Gipuzkoan txapelketetan eta beste saio batzuetan egon izan naiz.
Zelan aldatu da bertsolaritzaren mundua zu hasi zinenetik, bertso eskolak oraindino martxan ipintzen hasi aurretik, gaur egungora?
Asko aldatu da. Gure sasoian, eskolak tabernak ziren. Akordatzen naiz mutikotan tabernetara joaten hasi ginenean, 15-16 urtegaz, tabernan beti egoten zela gizonen bat trago bat jotzen eta zeozer kantatzen. Eta bertsozale asko zegoen orduan; jendea amorratzen egoten zen bertsoa entzuteko, plazetan ez zen ikusten-eta bertsolaririk. Orain laguntasun gehiago dago bertsolarientzat. Tira, zaletasuna orduan ere bazegoen. Niri asko lagundu zidaten Abadiño inguruko bertsozaleek. Ez ziren asko, baina bazeuden batzuk, eta tabernan edo inguruetan ikusten nindutenean, "benga Juan Mari kantatu, kantatu".
Durangon bertso eskola moduko bat sortu zen?
Marisa Barrenak bertso eskola antzeko bat antolatu zuen Durangon, bai. Zapatuetan kuadrilla batzen ginen bertsotan egiteko.
Zelan ikusten dituzu gaur egungo bertsolari gazteak?
Oso ondo. Harrituta geratzen naiz horiek daukaten euskara mailagaz. Guk baino gehiago dakite, gehiago lantzen dute, gauzak modu askotara esateko gaitasuna dute.
Ez zara izan bereziki txapelketetako bertsolaria, parte hartu izan duzun arren.
Ez naiz izan txapelketetako bertsolaria, ez, eta hor ikusten da bertsolari baten neurria. Egon dira oso bertsolari onak txapelketetan atzean geratzen zirenak edo ibiltzen ez zirenak. Baina hori ez da nire kasua. Ni txapelketetan ez nintzen aurrera pasatzen ez nuelako balio, ez neukalako bertsolaritza ondo landuta. Baina Bizkaian eta Gipuzkoan ere txapelketa askotan ibilitakoa naiz: Idiazabalen, Zaldibian, Añorgan...
Zure iritzian, zein ezaugarri izan behar du bertsolari on batek?
Bertsotan ondo egiteko, alde batetik berezkoa behar da, eta ikasia izatea ere bai. Asko ikasi behar da. Gaztetan pentsatzen nuen asko ekiten niola, baina orain pentsatzen dut gehiago egin behar nuela. Tailerrean nenbilela, beti bertsotan egiten nuen neure artean, tornuaren zarata lagun.
Tornuan zeundela ere bertsotan egiten zenuen?
Askotan egiten nuen bertsotan tornuan pieza egiten nuen bitartean, eta behin baino gehiagotan hondatu nuen pieza horregaitik. Neurrian pasau edo... Eta nik: "Kauen, oin be ederra egin jjuat'.
Zeintzuk dira zure plazarik kutunenak? Bai bertsolari legez bertsotan egiteko, bai entzule legez bertsolariak entzutera joateko?
Ba plazarik kutunenak... denak. Batez ere baserri girokoak. Baserri ingurukoak dira politenak niretzat.
Ermitadun auzoak.
Horixe! Horiek onenak, bai bertsotan egiteko bai bertsoak entzuteko be.
Bertsolaritzari buruz berbetan gabiltza, zenbat eskaini ote diozun zuk bertsolaritzari, baina bertsolaritzak zuri zer eta zenbat eman dizu?
Bertsolaritzak niri, asko. Makina bat txalo jaso dut eta lagun mordoa egin dut Euskal Herri osoan. Ni ez naiz, zelan esan, lagunak egitekoa, apur bat atzerakoia naiz horretan. Lagunekin aurrera barik beti atzera egiten dut, baina, hala eta guztiz ere, lagun asko daukat Euskal Herri osoan.
Bertsolari ibilbide honetan, badago egin barik geratu zaizun ezer? Badaukazu arantzarik bertsolari legez?
Arantzaren bat izatekotan, ez naizela behar den beste prestatu. Sarritan pentsatu dut hori, gehiago landuz gero goratxoago helduko nintzela.
Baina oso bertsolari maitatua zara Durangaldean. Hori sentitzen duzu?
Hori askok esan didate, ez Durangaldean bakarrik, Gipuzkoan ere bai. Amurizak sarri esaten zidan: "Lazkao Txikik asko maite hau".
Hori txapelketa bateko saria baino gehiago izango da.
Asko da, bai!
Jaiotzez abadiñarra zara, baina urte mordoa daramazu Iurretan bizi izaten. Zer sentitzen zara gehiago? Abadiñar, iurretar, bietara?
50 urte pasatxo Iurretan bizi naiz. Hona ezkondu nintzen eta hemen bizi naiz, eta Iurretagaz hartu-eman handia daukat, baina oraindino nire zuztarrak Abadiñon daude; Abadiñon baino gehiago, Gazteluan.
Zer esango zenioke Iurretako omenaldi horretara joango den jendeari? Antolatzen dabilen jendeari?
Ba, zer esango diet... eskerrik asko. Eskerrik asko egin duzuen lan guztiagaitik.