Sanferminak ailegatzeagaz batera, asko dira Iruñera parrandara doazenak, baina gutxik erakusten dute Aitor Serralvo (Abadiño, 1990) entzierro korrikalariaren moduko dedikazioa. Traña-Matienako bizilagunak sanferminetako entzierro guztietan egiten du arineketan, egunero, berdin Abadiñotik Iruñera eta Iruñetik Abadiñora joan-etorrika ibili behar badu ere. Aurten, halantxik ibiliko da uztailaren 7tik 9ra, lan kontuengatik. "Eta ez naiz bakarra", dio. "Adrian Rivas berriztarrak, adibidez, plan bera egiten du egunero. Asko gara entzierroa amaitu bezain laster korrika autoa hartzera goazenak, ordu batzuk geroago lanera sartu behar dugulako". Uztailaren 10etik 14rakoak, baina, hirian pasako ditu, emaztearekin eta alabarekin. "Erreleboa aldatzea lortu dut, eta entzierroan korrika egiteaz gainera, Iruñeko kaleetan ere egongo naiz", zehaztu du. Peña, txaranga, gosari eta almuercico artean, beraz.
Abadiñarrak ondo ezagutzen ditu sanferminetako errituak. Goizeko 07:15erako Santo Domingoko aldapan egoten da, San Ferminen irudiaren azpialdean, ohiko korrikalariekin eta koadrilarekin. "Han batzen gara beldurrak uxatzeko eta barre batzuk egiteko", azaldu du. Hala ere, bere benetako korrikaldia ibilbidearen azken zatian egiten du: "Estafeta kalearen amaieran eta Telefonican".
Entzierroenganako zaletasuna ez da kasualitatea, familiatik datorkio-eta. "Txikitatik ikusi ditu entzierroak Ruedan (Valladolid, Gaztela Leon), eta Durangoko sokamuturrean ere betidanik parte hartu dut, aitarekin batera. 2018an hasi nintzen sanferminetako entzierroetan korrika egiten". 2019an, lesio bat tarteko, hesiaren beste aldetik ikusi behar izan zituen lasterketak, baina harrezkero, ez du hutsik egin. Korrikalari izan da.
Serralvok pasioz bizi ditu sanferminak, "bakarrak" direlako, eta pasio hori familiako kideen artera ere zabaldu duela dirudi. "Yera alabak hiru urte baino ez ditu, baina jada badu bere zapi gorria, eta sanferminzale jantzita dabil!". Gaixoa ni abestu arte, zer gozatu asko izango dute familian.