Zortzi ume palestinar Durangaldean daude honezkero, oporraldia pasatzera etorrita

Ekaitz Herrera 2026ko ekainaren 22a

Ume palestinarrak eta beren monitoreak Durangoko Mesoi Barria tabernan. DURANGO-PALESTINA

Zisjordanian errefuxiaturiko zortzi ume palestinar Durangaldera etorri dira oporraldi txiki bat gurean igarotzera. 10-15 urte arteko zortzi neska-mutiko dira, eta begirale bi etorri dira eurekin. Tokiko eragileen babesagaz, eskualdeko eta Euskal Herriko bazterrak ezagutuko dituzte. Domekara arte egongo dira gure artean. 

"Lehertuta ailegatu dira, neka-neka eginda, eskualdera ailegatu baino lehen Bretainiako Kemper-Gwezhenneg udalerrian egon dira-eta. Hamahiru orduko autobus bidaia izan dute handik hona", jakinarazi dute Durango-Palestina dinamikako kideek. Umeetako batzuek Ibaizabal ikastolako aterpetxean hartu dute ostatu; beste batzuek, durangar baten etxean egingo dute egonaldia. Domekara arte egongo dira gure artean. Eta bien bitartean, bakea. Eta gozamena. "Ondo pasatzera etorri direlako". Horregatik, gelditu barik ibiliko dira Durangaldeko eta Euskal Herriko bazter batzuk ezagutzen: "Bihar, esate baterako, Iurretan egongo dira. Dantza taldearekin egingo dute dantzan, eta herri afarian parte hartuko dute. Biharamunean, Ondarroara joango dira, hondartzara. Eta datozen egunetan Deba, Durango, Elorrio, Barakaldo, Ermua eta Bilbo aldean ibiliko dira", zehaztu dute oporraldiko antolatzaileek. Adibidez, ur-txorrotekin freskatuko dira Durangon, eta dantzak eskainiko dituzte Tabirako jaietan. Elorrion, bestalde, igerilekura joango dira, eta Bizkaiko hiriburuari dagokionez, San Mames eta Lezama ezagutzea aurreikusi dute. 

Auzolana eta inplikazioa

Zortzi neska-mutikoak eta begiraleak ez dira egonaldian bakarrik egongo, eskualdeko elkarteen eta eragileen babes sendoa izango dute-eta ondoan. Besteak beste, Durangoko eta Elorrioko Palestinaren aldeko mugimenduak, Berbaro, Tabirako jai batzordea edo Mesoi Barria taberna. Azken horretan egingo dituzte gosari, bazkari eta afari guztiak, Milarenean. 

Ume palestinarrak domekara arte egongo dira eskualdean. Gero, hegaldiak hartuko dituzte Barajas eta Nizara, eta handik hartuko dute etxerako bidea. Zortzi haurrak nakba bizi izan zutenen ondorengoak dira, 1948ko exodoan jatorrizko herriak atzean utzi eta Nablus hiriko kanpalekuan babes hartu zutenen ondorengoak (Zisjordania iparraldean). Han bizi dira gaur egun. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!