Zisjordanian errefuxiaturiko zortzi umek Durangaldean pasako dute uda lehenengo biderrez

E.H. 2026ko ekainaren 1a

Childhood and Tolerance Center erakundearen jardunaldi bat. CHILDHOOD TOLERANCE AND CENTER

Durango-Palestina egitasmoaren bitartekaritzari eskerrak etorriko dira gurera, Childhood and Tolerance Center erakundea tarteko. Ekainaren 6an elkartasun jaialdia egingo dute Durangon.

Zisjordanian errefuxiatuta bizi diren zortzi ume palestinar Durangaldera etorriko dira uda pasatzera, lehenengoz. Nakba bizi izan zutenen ondorengoak dira umeok, 1948ko exodoan jatorrizko herriak atzean utzi eta Nablus hiriko kanpalekuan babes hartu zutenen ondorengoak (Zisjordania iparraldean). Durango-Palestina egitasmoaren bitartekaritzari eskerrak etorriko dira, Childhood and Tolerance Center erakundea lagun. Hainbat begirale ere etorri da eurekin.

Bestalde, ume palestinarrak eskualdean izango direla eta, Childhood and Tolerance Center erakundeak ateak irekitzeko jardunaldia egingo du, umeei "berotasuna, gozotasuna eta elkartasuna" adierazteko. Gainera, erakundeak laguntza humanitarioa eskatzen duenez, herritarrek ekarpen ekonomikoa egiteko aukera izango dute. Laguntza bonuak egongio dira eskura, eta hainbat material (kamisetak, zapiak, poltsak…) salmentan. Durango-Palestina egitasmoak, hain zuzen ere, erakundearen lana indartzera deitu du.

Jaialdia ekainaren 6an

Umeak harreran hartzeaz gainera, ekainaren 6an jaialdia egingo dute Durangon Palestinarekiko elkartasunez. Jardunaldia 12:00etan hasiko dute, Ezkurdin. Erakusketa bat jarriko dute lehenik, eta 12:30ean ipuin kontalaria izango dute. Ondoren, 13:30ean, dantza erakustaldia. Arratsaldean, 18:00etik aurrera, jaialdiak gaztetxean izango du jarraipena. Bertan Fosil eta Astoturfer taldeek kontzertua eskainiko dute, eta hiru musika jartzaile egongo dira: DJ Kalt, DJ Dunkelheit eta DJ Ainhoa. Kontzerturako sarrerak Durangoko taberna hauetan lortu daitezke: Herria, Intxaurre, Mesoi Berria, Miñe eta Palentinoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!