Ertzaintzak eta Espainiako poliziak ustezko talde kriminal ibiltari bat desegin dute elkarlanean. Atxilotuak hiru dira, 33, 34 eta 38 urtekoak, eta Alacanten hartu dituzte atxilo, Espainiako estatuko hainbat etxebizitzatan lapurretak egin dituztelakoan. Tartean, Durangoko eta Zornotzako hainbat etxebizitzatan ostea egotzi diete.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, ustezko gaizkileek "itsasgarri-hariaren metodoa" erabiltzen zuten lapurretan egiteko. Hau da, osteko momentuan baten bat etxean zegoen ala ez egiaztatzeko, itsasgarri-hariak ipintzen zituzten etxera sartzeko atearen eta markoaren artean. Handik egun batzuetara, lapurrak markatzaileak jarritako etxeetara itzultzen ziren, eta jarritako lekuan bazeuden, horrek esan nahi zuen inor ez zela sartu etxean eta litekeena zela, beraz, etxekoak barruan ez egotea.
Era berean, polizia iturriek azaldu dute ustezko lapurrek sarraila-motaren arabera markatzen zituztela ateak, eta lapurretan egin ondoren ateok irristailuarekin zarratzen zituztela, aztarnarik ez uzteko. Taldeak "hierarkia eta funtzioen banaketa zorrotza" zuela gaineratu du Ertzaintzak,. eta alokatutako ibilgailuak erabiltzen zituztela. "zuen, eta joan-etorrietan segurtasun-neurri handiak ezartzen zituen, alokatutako ibilgailuen bidez. Ibilgailu horiek askotan aldatzen zituzten segimendua zailtzeko eta delitu-egitateekin ez lotzeko.
Oporraldiei begira, etxebizitzak "zorrotz zaintzea" gomendatu du Ertzaintzak, horrelako delituak sasoi horretan ugaritzen direla eta. Edozein zantzuren aurrean, Ertzaintzari edo udaltzangoei jakinaraztera deitu dute.