Abuztuaren 12ko eguzki-eklipsearen atariko modura, saio dibulgatiboak Durangaldean

Ekaitz Herrera 2026ko maiatzaren 26a

Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia eta Unibertsitate sailburua Durangon izan da, 'Bi ilunabarreko eguna' erakusketa aurkeztera etorrita. Esposizioa Ezkurdin dago. Datozen egunetan, saio dibulgatiboak egingo dituzte Durangon eta Abadiñon.

Abuztuaren 12an, naturak eta astroek oso gutxitan eskaintzen duten fenomenoa ikusi ahalko da eskualdean: eguzki-eklipse bat. Eta gaur arratsaldean, ezohiko gertakari horren atariko modura, erakusketa dibulgatibo bat aurkeztu dute Durangoko Ezkurdin: Bi ilunabarreko eguna. Lau totem dira, eklipseei buruzko azalpenak dituztenak: besteak beste, eklipse motak (eguzkiarenak zein ilargiarenak), azalpen zientifikoak, ikusmena zaintzeko jarraibideak eta esperimentu didaktikoak batu dituzte horietan. Esposizioa ekainaren 1era arte egongo da Ezkurdin, eta Bizkaiko eta Arabako beste hainbat udalerritara lekualdatuko dute ondoren.

Horrez gainera, datozen egunetan, eguzki-eklipseari buruzko saio dibulgatiboak hartuko dituzte Durangok eta Abadiñok. Lehenengorari dagokionez, Bizenta Mogel Bibliotekak Ziano-astro-tipia tailerra hartuko du maiatzaren 28a, Durangaldeko Artisten Elkartearen eskutik. Saioa 18:00etan izango da. Abadiñon, jardunaldi bi egingo dituzte maiatzaren 30ean. Aranzadi zientzia elkarteak Eklipseen misterioa tailerra eskainiko du umeentzat, 11:00etan, Zelaietan. Arratsaldean, 18:00etan, Aranzadiko Virginia Garciak Argia eta itzalaren ikuskizuna berbaldia eskainiko du Errota kultur etxean. Jardunaldiei buruzko informazio guztiak eta eklipserako informazioa eklipsea.euskadi.eus atarian kontsultatu daiteke.

Arratsalde honetako irekiera ekitaldian, Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia eta Unibertsitate sailburua izan da, eta haren ondoan egon dira Durangoko alkate Mireia Elkoroiribe, Abadiñoko alkate Mikel Urrutia, udalerri bietako zinegotziak, Durangoko Izarra astronomia elkarteko kideak, Bizenta Mogel Bibliotekako kideak eta Durangaldeko Artisten Elkarteko kideak. 

ESANAK:

  • Juan Ignacio Pérez Iglesias (Zientzia eta unibertsitate sailburua): "Zientziaren ikuspegitik gertaera oso aipagarria da eguzki-eklipsea. Bizitza osoan bizi dezakezun esperientziarik hunkigarrienetako bat da. Honelako erakusketek eta tailerrek fenomenoa ulertzen eta herritarrei gerturatzen laguntzen dute, baita gazteei zientziarako grina pizten ere". 
  • Mireia Elkoroiribe (Durangoko alkatea): "Honako erakusketa hau guztion elkarlanaren fruitu da. Ezkurdin dugu, leku irisgarrian, eta oso ulerterraza da herritarrentzat, eguzki-eklipseari begira zelan prestatu ikasteko. Herritarrak animatu gura ditut Ezkurdira etortzera eta tailerretan parte hartzera. Halakoek ezagutzara eta zientziara gerturatzen laguntzen digute". 
  • Eider Ajuria (Abadiñoko gazteria zinegotzia): "Abadiñon, gazteengana ailegatzera bideratu ditugu indar guztiak. Zientziaren irrika piztu gura dugu haiengan, zientziak engantxatu egiten du-eta. Motibatu ditzagun gazteak, ezohiko gertakari honekin hunkitu ditzagun. Hori dela eta, tailerrean eta berbaldian parte hartzera deitzen ditut gazteak". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!