Urri amaieran proiektu berri bat martxan ipini zenuen, Bizi Korrika Taldea. Zer dela eta erabaki zenuen hau sortzea?
Lehiaketetatik kanpora Durangon falta bat zegoela igarri genuen eta talde bat sortu gura nuen, korrika eginda gozatzeko. Ondo pasatzeko taldea da eta edonork du lekua hemen, hasiberriek zein korrika lehendik dabiltzanek. Korrika egiteko leku seguru bat sortu gura nuen.
Sarritan, erresistentziako kirolean, ohituta gaude bakoitzak bere kabuz entrenatzera, bakarka lan handia egitera. Baina ez gaude ohituta taldean joatera, berriketan ibili eta momentuaz disfrutatzera. Eta Bizi Korrika Taldea horretarako gunea da, lagunekin joan, jendea ezagutu eta korrika egiteko gunea.
Beraz, diozunez, taldean denentzat dago lekua.
Bai, talde zabala da eta gura duena etorri daiteke gure artera. Taldean korrika egin gura duen edonor da ongi etorria Bizi Korrika Taldera. Badago jendea maila handia duena eta badaude hasi berriak ere. Taldea egokitu egiten da eta astiroen doanaren erritmora joaten gara; inongo arazorik barik moldatzen gara. Izan ere, horixe da helburua, astiroen doana ere eroso sentitzea gure artean. Taldeko partaide izateko ez da maila zehatzik behar.
Taldean korrika egiteaz gainera, egun batzuetan entrenamendu espezifikoa ere egiten duzue, serieak, eskaileretan gora eta behera...
Bai, astelehen batzuetan Astolaraino lasai-lasai joaten gara eta gero serieak egiten ditugu bertan. Horiek bakoitzaren erritmora moldatzen ditugu, eta gero denok elkarregaz bueltatzen gara. Eta bai, eskaileretan ere egiten ditugu saio batzuk.
Taldeko parte izan gura badut, nora jo dezaket?
Astelehenetan elkartzen gara, 19:00etan, Santa Anan. Ez da inon izena eman behar eta ez da ezer ordaindu behar, etorri eta listo. Ni apur bat lehenago joaten ahalegintzen naiz, lehenengoz datozenei harrera egiteko batez ere. Normalean, jendea beldur apur bategaz etortzen da eta kostatu egiten zaie pauso hori ematea. Komentatzen dutenagaitik, askotan lotsagaitik edo beldurragaitik ez dira etortzen. Baliteke izatea taldean korrika egiteko maila nahikorik ez dutela uste dutelako, baina daudela lasai, erritmo guztietara egokitzen gara eta. Hori bai, behin pausoa emanda, jendea berriro etortzen da.
Dagoeneko hile batzuk joan dira proiektua martxan ipini zenuenetik. Zelako balorazioa egiten duzu orokorrean?
Balorazio positiboa, batez ere jendea animatu egiten delako eta behin baino gehiagotan datorrelako. Normalean, 10-15 lagun elkartzen gara astelehenero, eta kopuru polita dela esango nuke. Gainera, badago modu hoberik astea hasteko? Normalean, astelehenetan nagituta egoten gara, asteari ekiteko gogo gutxigaz, baina korrika egitera joanda, barre batzuk egin, ondo pasatu eta indarberrituta eta ezin gusturago bueltatzen gara etxera. Ezin daiteke gehiagorik eskatu.