"Mendozako hitzordua garrantzi handikoa izango da Euskadiko Euskal Pilota Federazioarentzat, bai kirol ikuspegitik bai ikuspegi instituzionaletik. Alde batetik, selekzioak aukera izango du CIJBren egituran lantzen diren modalitate guztietan nazioarteko mailan lehiatzeko; bestetik, nazioarteko presentzia sendotzeko eta federazioaren antolaketa-gaitasuna erakusteko beste pauso bat izango da", nabarmendu dute Euskadiko Euskal Pilota Federazioak Abadiñon duen egoitzan. "Mendozan Europako eta Amerikako ordezkaritza ugari elkartuko dira, eta Euskal Pilota Selekzioak modalitate guztietan izango du presentzia. Parte hartze honek nazioarteko testuinguruan Euskadiren presentzia indartzen du, eta, ikuspegi instituzionaletik ere, beste urrats sendo bat da ofizialtasunaren nazioarteko proiekzioan", gehitu dute.
Munduko Pilota Txapelketan, Joko Internazionala, One Wall, Llargues eta 4 paredes modalitateak jokatuko dira. Azken hau, gainera, aurtengo edizioko "modalitate autoktonoa" izango dela azpimarratu dute. Lehia apirilaren 6ko inaugurazio-ekitaldiarekin hasiko da, eta hilaren 12ra arte luzatuko da.
31 laguneko lan taldea
Txapelketako modalitate guztietan parte hartzea bermatzeko, 31 laguneko espedizioa osatu du federazioak. Emakumezkoen taldean pilotari hauek egongo dira: Olatz Arrizabalaga, Itxaso Erasun, Amaia Alday, Miren Larrarte, Nora Mendizabal, Naroa Agirre, Maialen Etxegarai, Enara Gaminde, Onintza Galdos, Alize Sagardui eta Ainhoa Ruiz de Infante. Gizonezkoetan, ostera, Pantxoa Valencia, Mikel Beldarrain, Kepa Albizu, Gaizka Iruretagoiena, Mikel Aurrekoetxea, Lur Ziarrusta, Lier Arrien, Aner Iglesias, Manex Etxeberri, Egoitz Amantegi eta Ibai Arroitajauregi dira ordezkariak. Lan talde teknikoa Iñaki Esnalek, Ibai Erauzkinek, Patricia Espinarrek eta Eneko Uribek osatuko dute, fisioterapeuta Ander Aranzabal izango da. Federazioaren ordezkari gisa, berriz, Jose Mari Mitxelena, Asier Amondo, Alaitz Badiola eta Aimar Amondo joango dira Argentinara.