Aurtengo berrikuntza nagusia bigarren txapelketa baten sorrera da: lasterketa luzeekin osatutako Mari Kopari distantzia laburragoko probak batzen dituen Durangaldeko Sugaar Kopa gehituko zaio. Izen biak berriak dira, euskal mitologian oinarrituta.
Sei mendi lasterketek bazituzten proba laburrak. Zornotzako Aramotzek eta Mañaritik Atxetarak aurten sortu dituzte. Horrela, zirkuituko proba denetan egongo da distantzia motzagoa aukeran.
Txapelketa berriarekin korrikalari gehiago parte hartzera animatuko direla uste dute. "Martxek eta ibilbide motzek jendeari lehen pauso hori ematen laguntzen diotela pentsatzen dugu", adierazi du Mañaritik Atxetarako Ekaitz Goenagak. Eskari bati erantzuteko modua ere bada. "Lasterketa laburren izen-ematea luzeena baino arinago betetzen zela ikusten genuen. Hasiberrientzako eta gehiagorentzako erakargarriagoa zen. Azkenean lasterketa laburrak sortzea prozesu natural bat izan da eta, bide beretik, baita Sugaar Kopa eratzea ere", gehitu du Asto Traileko Gaizka Barrainkuak. Gainera, distantzia laburragoa duintzeko modu bat ere bada. "Lasterketa laburrak beti egon dira apur bat gutxietsita. Errekonozimendua emateko modu bat ere bada", gaineratu du Zaldutraileko Nora Narbaizak.
Maiatzetik urrira
Kopa maiatzean hasi eta urrian amaituko da. Lasterketak lauko multzo bitan banatu daitezke: abuztuko opor aurrekoak eta ostekoak. Mallabiko 7 Pago, Berrizko Amaraune, Zaldibarko Zaldutrail eta Garaiko Asto Trail daude maiatzetik uztailera bitarteko lehenengoan; irailetik aurrera lehiatuko diren Mañaritik Atxetara, Atxondoko Sorginen Lasterketa, Zornotzako Aramotz eta Elorrioko Aldapegora daude bigarrenean.
Asto Trailen eta Aramotzen puntu gehiago
Gutxienez lau lasterketa amaitu behar dira sailkapen nagusietan sartzeko. Puntuazio sistema lehenengo 30etara zabaldu dute (iaz aurreneko 15ak ziren). Gainera, Asto Trailen eta Aramotzen %20 puntu gehiago eskuratzeko aukera dago. Horrela, irabazleak 100 barik 120 puntu batuko ditu eta bigarrenak 90 beharrean 108. Erabaki honekin, besteak beste, lasterketa bietarako izen-ematea sustatu gura dute.
Sariak
Kopa bietako aurreneko bost sailkatuek izango dituzte sariak. Mari Kopako irabazleak 500 euro jasoko ditu; bigarrenak 400 euro; hirugarrenak 300 euro; bigarrenak 200 euro eta bosgarrenak 100 euro.
Sugaar Kopari dagokionez, irabazleak 250 euro jasoko ditu; bigarrenak 200 euro, hirugarrenak 150 euro; laugarrenak 100 euro eta bosgarrenak 50 euro.
Azkenik, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Kopa aurrera eramaten laguntzen duten udalei, enpresei eta aurten batu den Bizkaiko Aldundiari.
EGUTEGIA
Maiatzak 23: Mallabiko 7 Pago
- Iaztik bi distantzia dituzte. Luzeak 25 km ditu (1400 m+). Bi mendi nagusi ditu: Arietsu eta Oiz. Probak laburrak 16 km ditu (750 m+). Izen-ematea abian dago. Laburreko toki denak beteta daude eta laburrean 50 bat geratzen dira.
Ekainak 20 : Berrizko Aldapegora
- Proba luzeak 21,5 km ditu (1150 m+) eta laburrak 10 km (500 m+). Izen-ematea abian dago. Oiz mendira igoko dira korrikalariak.
Uztailak 11: Zaldibarko Zaldutrail
- Proba luzeak 20 km ditu (1200 m+) eta bi tontor igoko dituzte: Eguargitza eta Satamariñazar. Proba laburrak 14 km ditu (730 m+) eta Santamariñazar igoko dute. Izen-ematea laster zabalduko dute.
Uztailak 18: Garaiko Asto Trail
- Herriko jaien aurreko asteburuan lehiatuko da. Proba luzeak 26 km ditu (1300m+) eta laburrak 16,5 km (700 m+). Luzea Oiz puntaraino heltzen da. Lasterketa biez gainera, mendi martxa ere badute. Izen-ematea abian dago.
Irailak 19: Mañaritik Atxetara
- Proba luzeak 22,4 km ditu (2000 m+). Anboto aldetik ibiliko dira: Astxiki, Larrano, Untzillatx… Laburrak iazko mendi martxaren ibilbidea izango du: (13 km, 1100 m+) eta Mugarra eta Leungane ingurutik ibiliko dira. Izen-ematea abian dago.
Urriak 4: Atxondoko Sorginen Lasterketa
- Aurten 19. aldira helduko da proba luzea: 21 km (1750 m+). Laburra iaz sortu zuten: 11,7 km eta 890 m+. Ibilbide luzea Anboto tontorretik igaroko da. Izen-ematea apirilaren erdialdean irekiko dute.
Urriak 17: Zornotzako Aramotz
- Zornotzako probak 14. aldia beteko du. Luzeak 22 km ditu (1300m+). Pagozelai, Urtemondo eta Belatxikieta dira tontor ezagunenak. Proba laburra berria da: 12 km eta 650 m+. Belatxikietatik igaroko da eta 14 urtetik gorakoek parte hartu dezakete. Izen-ematea zabalik dago.
Urriak 24: Elorrioko Aldapegora
- Kopako irabazleak erabakiko ditu. Proba luzeak 26 km ditu (1700 m+). Udalatx tontorretik igaroko da. Laburrak 15 km ditu (850 m+). Laburrean Intxorta da mendirik esanguratsuena. Izen-ematea zabalik dago joan zen domekatik.