"Gizarte legez, ahaztu egin zaigu sentitzea"

Aritz Maldonado 2026ko martxoaren 13a

Durangaldeko Artisten Elkarteak Durangoko Ezkurdi aretoko ateak zabaldu dizkio Esther Jurado abadiñarrari bere lanak Reencuentro-n erakusteko. Juradok lehenengo bakarkako erakusketa du hau eta pozik dago bere lanak espazio honetan erakutsi ditzakeelako. Bere sorkuntza prozesua ez da ohikoena, ez baitu pintzelik erabiltzen, belakiak baino. Bere lanak barne intuizio eta bulkada emozionalen isla dira. Lan hori ikusteko gogoa duenak martxoaren 15era arteko aukera du. Astelehenetik barikura 18:00etatik 20:00etara bisitatu daiteke erakusketa, eta asteburuan goizean eta arratsaldean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. ANBOTO aretoan bertan elkartu da beragaz, koadroak zintzilikatzen eta ateak zabaldu aurretik azken ikutuak ematen zebilela.  

Azkenean martxan da zure lehenengo erakusketa. Zergaitik ipini diozu Reencuentro izena?
Berrogeita hamar bat pieza ekarri ditut, nahiz eta denak ezin izan ditudan zintzilikatu, lekurik ez dagoelako. Guztira, laurehun lamina baino gehiago ditut etxean, eta aukeraketa bat egin behar izan dut erakusketa honetarako. Dena dela, nahiko argi izan dut zein lan erakutsi gura nuen eta zein ez. Izenburuari dagokionez, nire ustez gizarte legez oso automatizatuta gaude, dena etiketatzen dugu, denak arrazionala izan behar du eta ardiek edo makinek legez jokatzen dugu askotan, eta benetan garena ahazten zaigu. Erakusketa hau jendeari sentitzen uzteko gonbidapen bat da. Nire obren aurrean, segundo batzuetarako bada ere, norberak bere buruari zeozer sentitzeko baimena eman diezaion gura dut. Badakit gertatu izan dela, eta horrela gura duenak horrela sentitu dezan gura dut. Batzuek, nire lanen aurrean ipini eta sekulako emozioa sentitu dute; inoiz negar ere egin du baten batek, koadroak barruan zeozer mugitu diolako. 

Zure sorkuntza prozesua ere ez da arrazionala. Orain hiru urte hasi zinen margotzen. Zer dela eta?
Niretzat hau ez da zuhaitz baten irudia hartu eta hori arrazionalki kopiatzea. Inoiz ere ez dut margotzen ikasi. Orain dela hiru bat urte, oso intuizio indartsua sentitu nuen. Niretzat nire espazioa den gelara joan, mihise bat hartu eta margotzen hasi nintzen, inolako planifikaziorik barik. Koloreak ere sentitu egiten ditut margotu aurretik. Uste dut kanal baten modukoa naizela, neure burua aske uzten dut sentitzen dudana adierazteko. Askotan 03:00ak arte egoten naiz margotzen; margotu egin behar dudala sentitzen badut, aprobetxatu egiten dut eta hainbat lamina segidan egin ditzaket. Hurrengo egunean, beharbada, ez dut ezer margotuko. Konexio momentu horietan dozena bat lamina ere egin ditzaket jarraian. Gero, agian, lau egunean ezer ikutu barik egoten naiz. Batez ere, gauez margotzen dut, isiltasuna lagun. 

Erabiltzen duzun teknikak asko harritu nau. Akrilikoa erabiltzen duzu, pintzelagaz barik belakiagaz. 
Ez dut inoiz ere pintzelik probatu. Niretzat belakia naturalagoa da. Tamaina desberdinetako belaki txikiak erabiltzen ditut; batzuek zurezko makilatxo bat izaten dute. Tarteka ikusi izan ditut Interneten bideoak, tutorialak, ikasteko edo, baina ez dut gustuko horrela aritzea, eta neure senari kasu egiten jarraitzea erabaki nuen. Esan dudan moduan, koloreek eurek gidatzen naute sarritan. Urdina asko erabiltzen dut, ikaragarri gustatzen zait; eta baita urre kolorea ere, kontraste oso polita egiten du eta energia berezia ematen die lanei. Neure esperientziatik ikasi dut dena. Margotzerakoan, ez dut ezer pentsatzen edo erabakitzen. Irudi bat datorkit burura, eta belakiak hartu, koloreak sentitu eta margotzen hasten naiz. Ez dago besterik.

Koloreekin lotura handia daukat. Nire ustez, kolore bakoitzak bere energia propioa dauka, bere esangura. Batzuetan koloreek eurek erakartzen naute, lotuta baleude legez funtzionatzen dute niretzat. 

Koadro eta laminez harago, orri markagailuak eta giltzatakoak ere ekarri dituzu Ezkurdiko aretora.
Bai. Intuizioari jaramon egiten diot, guztiz. Behin, orri markagailuak egitea bururatu zitzaidan. Eta neure buruari galdetu nion: 'Zergaitik ez?' Giltzatakoekin berdin gertatu zitzaidan. Ez diot mugarik ipintzen neure buruari. Hostoen kontua ere berdin sortu zen: etxean dudan landare natural baten hosto bat hartu eta haren gainean margotzen hasi nintzen belakiagaz. Asko maite dut egiten dudana, ez politagoa edo itsusiagoa delako, baizik eta sortzean sentitzen dudan guztiagaitik. Sarritan intuizioz lan egiten dut, esan dudan moduan. Sare sozialetan, adibidez, bideo bat ipini nuen. Oinekin margotzen agertzen naiz. Horrela egin behar nuela sentitu eta egin egin nuen; nire gelara joan, oinetakoak erantzi, aulkian jesarri, begiak itxi eta margotzen hasi nintzen. Lamina hartu nuenean ederra zela ikusi nuen. Jende askok esaten dit bideo hori ikustean asko hunkitzen dela.

Oraintsu Durangaldeko Artisten Elkartean sartu zara. Zer dela eta?
Abenduan sartu nintzen elkartean. Abadiñoko artisauekin eta inguruko azokekin hartu-emana izan dut. Bertako kide baten amak esan zidan sare sozialen bitarteaz jarraitzen ninduela, eta erakusketa bat egitera animatu ninduen. Elkartetik pasatzeko esan zidan, informazioa eskatzera. Hau dena nire lana erakusteko aukera bat da niretzat, eta elkarteari oso eskertuta nago. Egun hauetan ere asko lagundu didate erakusketa muntatzen, koadroak zintzilikatzen... Jende zoragarria aurkitu dut hemen. 

Urduri zaude jendearen erantzuna dela eta?
Kuriosoa da, baina ez nago batere urduri. Ingurukoek etengabe galdetzen didate ea urduri nagoen, nire lehenengo erakusketa delako eta jende asko etorriko delako. Baina ezetz esaten diet, benetan ez nagoelako urduri. Hori bai, ikaragarri emozionatuta nago. Niretzat kontua ez da 'zein polita den hau' edo 'zein zatarra den bestea'; jendeari nire sentipenak erakustea dut helburu, eta horrela eurek ere zeozer sentitzeko aukera izatea. Eta, jakina, norbaitek nire teknika edo lana gustuko ez baditu, hori ere zilegi da.

Etorkizunera begira, ez daukat ezer planifikatuta; egunik egun noa aurrera. Beste erakusketaren bat egiteko aukera irteten bada, ondo. Beste leku batzuetan erakustea jendeagaz berriro elkartzeko aukera da.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!