"Faxismo berri bat indarra hartzen dabil"

Ekaitz Herrera 2026ko urtarrilaren 26a

Peio Martin eta Maialen Carlos Durangaldeko GKSko kideak dira.

Durangaldeko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) Bilboko manifestaziora joatera deitu du "faxismoaren aurkako mugimendua antolatzeko". Peio Martin zornotzarra eta Maialen Carlos elorriarra eskualdetik Bilbora joango diren kideetariko bi dira. Mobilizazioa urtarrilaren 31n izango da.  

Zein da manifestazioaren oinarri nagusia?
Peio Martin: Auzi biren kontra mobilizatuko gara. Batetik, faxismoaren aurka, eta, bestetik, mendebaldeko estatuen autoritarismoaren kontra. Joera bi horiei aurre egiteko erresistentzia horma bat eraikitzea da helburua. Euskal Herrian indar mobilizatzaile handia dagoela erakutsiko dugu Bilboko eta Iruñeko kaleetan. Era berean, ikastetxeetan, herrietan eta auzoetako gazteen artean ere zabaldu gura dugu mobilizaziora batzeko kontzientzia.

Faxismoa goraka doala diozue. Zein da horri buruz egiten duzuen interpretazioa?
Maialen Carlos: Iruditzen zaigu faxismoaren interpretazio mugatua egiten dugula askotan, eta interpretazio hori XX. mendeko faxismoaren iruditegira mugatzen dugula. Uste dugu gaur egungo krisi kapitalistaren testuinguruan faxismo berri bat dabilela indarra hartzen. Nahiko agerikoa da hori. Eta, horrenbestez, iruditzen zaigu beharrezkoa dela faxismo berri hori krisi kapitalistatik eta mendebaldeko enpresari eta agintarien interesen eskutik datorrela ulertzea.
P.M.: Oligarkia eta estatu autoritarioak joera erreakzionarioa hedatzen dabiltza. Ideologikoki, propagandistikoki, instituzioetan, sare sozialetan eta kalean egiten dute hori. Gure ustez, hor kokatu behar da mugimendu faxista berria.

Non ikusten dituzue mugimendu berri horren seinaleak?
M.C.: Mendebaldeko estatu guztiak militarizatzen eta euren poliziak indartzen dabiltza. Horren adibide garbia Frantzian eta Alemanian borondatezko zerbitzu militarra ezarri izana da. Ideia erreakzionarioen gorakadari dagokionez, kezkagarriak dira, besteak beste, ideia matxisten normalizazioa eta migratzaileen aurkako mezuak hartzen dabiltzan indarra. Azkenik, Nú-cleo Nacional, Falange Española eta halako antolakundeak euren jarduna handitzen dabiltza.

Eta Durangaldean?
P.M.: Durangaldean ere agerikoak dira joera horiek. Orain egun batzuk Zornotzan Desokupa enpresa faxista agertu izana da adibide bat. Garrantzitsua da aipatzea halako enpresek segurtasunaren izenean faxismoa zuritzen dutela eta biolentzia erabiltzen dutela langile zaurgarrienen aurka. Horrez gainera, herri batzuetan pintaketa faxistak agertu dira. Adierazpen horiek geroago eta indar handiagoa dute gure herrietan.

Zelan ikusten duzue Euskal Herriko mugimendu antifaxista?
M.C.: Azken hileetan argi geratu da Euskal Herrian badagoela gazte sektore zabal bat faxismoari aurre egiteko borondatea duena. Borroka antifaxistak jasan duen kriminalizazioaren gainetik, argi geratu da, bai Gasteizen Falangeari emandako erantzunagaz, bai Iruñean Vito Quilesi emandakoagaz, faxismoak ez duela lekurik Euskal Herrian, ezta beste inon ere.

Urtarrilaren 31n Bilbon mobilizatzera deitu dituzue Durangaldeko gazteak.
P.M.: Kanpainan zehar komiteak antolatzen ibili gara: formakuntzarako tarteak zabaltzen, propaganda egiten eta aurkezpenak antolatzen. Datozen asteetan bide beretik jarraituko dugu, faxismoaren eta estatuaren autoritarismoaren aurkako aldarria gure herrietako kaleetan zabaltzen, ahalik eta jenderik gehien batzeko mobilizaziora. Horretarako, Durangaldean autobusak antolatuko ditugu Bilbora joateko. Mobilizazioa 18:00etan irtengo da, Bilboko Jesusen Bihotzetik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!