Metal Groupek hartzekodunen konkurtsora joko duela dio CCOOk

E.H. 2026ko urtarrilaren 15a

"Orain arte iraungitze espedientea negoziatzen ibili gara enpresarekin, baina arduradunek hartzekodunen konkurtsora joko dutela esan digute gaur", azaldu du CCOO sindikatuko Jose Cid ordezkariak.

Enpresaren itxierak eraginda jarraitzen dute Metal Groupeko 48 beharginek (Lebario, Abadiño). CCOO sindikatuko Jose Cid ordezkariak jakinarazi duenez, langileen ordezkariak eta enpresako arduradunak gaur batu dira lantegiaren itxierari begirako negoziaketekin jarraitzeko. Gaurko bilerak nobedade bat ekarri duela jakinarazi du Cidek: "Orain arte iraungitze espedientea negoziatzen ibili gara enpresarekin, baina arduradunek hartzekodunen konkurtsora joko dutela esan digute", jakinarazi du. Hori horrela, langileei orain arteko kezkak areagotu zaizkiela dio Cidek, beldur baitira "kobratu beharrekoa kobratzeko atzerapen gehiago" izango ote duten. "Izan ere, diruak enpresatik kobratu barik, Fogasaren eskutik jaso beharko ditugu, eta horrek esan nahi du posible dela jaso beharrekoak gutxiago izatea eta atzerapenekin etortzea".

Azken asteetan, langileek hainbat mobilizazio egin dute zorrak kitatzea eta lan gatazka amaitzea eskatzeko. Lebarioko lantegiaz aparte, Metal Gropek beste hari loturiko beste lantegi bat du Legution (Araba). Cidek esan du hango langileak greban egon direla  baina mobilizazioak eten dituztela enpresak hartzekodunen konkurtsora jo eta gero. "Enpresak dio bezeroek zorrak kitatu zain dagoela diru horrekin langileenak kitatzeko". Bi lantegien itxierarekin, 139 pertsona kaleratuko dituzte. 

Lebarioko fabrika ekoizpenik barik dago azarotik, eta beharginek ez dute jaso abenduko ordainsaririk. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!