Lebarioko (Abadiño) Metal Group enpresako beharginek airean dute etorkizuna. Fabrika ekoizpenik barik dago azaro amaieratik, eta beharginek lanik egin ezinda eman dute abendua. 48 dira kaleratze egoeran daudenak. "Akordio bat lortu gura dugu enpresaren iraungitzeari dagokionez. Oraingoz, baina, ez da gerturatzerik edo elkar ulertzerik egon", azaldu du Jose Cid CCOO sindikatuko ordezkariak. Atzo, "sartu bezala" irten ziren enpresagaz egindako bileratik, eta "akordiorako borondaterik ez" izatea leporatu diote azken horri. Hilaren 13an izango dute hurrengo bilera. Bitartean, langileek mobilizazioak egingo dituzte ordainak eskatzeko. Bihar, barikua, manifestazioa egingo dute Berrizen, 18:00etan.
Abenduko soldata
Ordezkari sindikalaren esanetan, lan gatazkaren puntuetako bat ordaindu gabeko soldatak dira. "Langileok aparteko soldata jaso genuen abenduan, baina abenduko nomina kobratu barik gaude oraindik," argitu du Cidek. "Zuzendaritzak diosku ez dutela dirurik, Volkswagenek zor duen dirua bueltatu zain dagoelako", gaineratu du.
Izan ere, Metal Groupen autogintza landu dute orain arte. Diferentzialak, zehazki. Ford, Mercedes eta Volkswagen etxeentzako egin dute lan, eta azken hori izan dute bezero nagusi. "Alabaina, enpresak dioena da Volkswagenek eskaerak moztu eta kontratuak eten zituela urrian, aurretiaz ohartarazi gabe. Guk uste duguna da enpresa Volkswagenek zor dion diru horrekin jokatu nahian dabilela gurekin negoziatzeko".
Langileak etxe bereko beste lantegiren batean birkokatzeko informaziorik ez dute. Dakiten bakarra da Legutioko lantegian ere (Araba) lan gatazkekin dabiltzala. 91 kaleratze egitekoak dira han.