Oihane Irusta eta Iker Fidalgo azpitxapeldun geratu dira Euskadiko kros txapelketan

Joseba Derteano 2026ko urtarrilaren 14a

Iker Fidalgo eta Oihane Irusta.

Bidezabal Atletismo Taldea klubik onena izan da sailkapenean.

Joan zen domekan, Euskadiko kros txapelketak lehiatu zituzten Ortuellan eta Bidezabaleko ordezkariek emaitza bikainak lortu zituzten: Oihane Irusta abadiñarra eta Iker Fidalgo iurretarra azpitxapeldun geratu ziren, maila absolutuan eta 20 urtez azpikoan, hurrenez hurren. Lorpen hauei beste bi gehitu behar zaizkie: Udane Barrondo hirugarren sailkatu zen 18 urtez azpiko mailan eta Eider Muñoz  bigarren hautaketa-proban. Biek Euskadiko selekzioa ordezkatuko dute Espainiako Txapelketan.

Taldeka bi garaipen lortu zituen Bidezabalek: emakumeen 16 urtez azpikoan, June Fernandez, Maria Garcia, Haizea Ortuoste, Ainhitz Urreta eta Enara Barruetabeña korrikalariekin, eta gizonen 20 urtez azpikoan, Iker Fidalgo, Yassin Sadik, Asier Atucha eta Imanol Estevez korrikalariekin. Emakumeen 18 urtez azpikoan eta gizonen 16 urtez azpikoan azpitxapeldun geratu ziren.

16 urtez azpiko taldeko txapeldunak.

20 urtez azpiko txapeldunak.

18 urtez azpiko emakumeak azpitxapeldun geratu dira.

16 urtez azpiko mutilak azpitxapeldun geratu dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!