“Krosa, orokorrean, gainbeheran dago, eta emakumeen krosa oraindino okerrago dagoela esango nuke”

Joseba Derteano 2024ko ots. 10a, 10:30

Aurten maila absolutuan estreinatu da Oihane Irusta (Durango, 2001) eta domina bi eskuratu ditu: zilarra Euskadiko kros txapelketan, eta brontzea Euskadiko atletismo txapelketako 1.500 metroko proban. Une honetan Euskadiko kros ligako liderra da, eta pistako lasterketak ere begiz jota ditu. Aurten, 1.500 eta 3.000 metroko probetan dituen marka pertsonalak hobetzea gustatuko litzaioke.

Gustura zaude Euskadiko txapelketan eginiko lanagaz? 
Bai, pozarren nago zilarrezko dominagaz.

Zelan joan zen lasterketa? 
Gure lasterketa hasi aurretxoan euria hasi zuen eta ibilbidea lupeztu egin zen. Hotz irten genuen denok, erritmo erosoan. Hasieran kroslari dezente geunden multzo nagusian. Hirugarren bueltan edo, Gurutze Fradesek erritmoa aldatu zuen, apur batean berari jarraitzen ahalegindu nintzen, baina ezin izan nuen. Nik Izaro Aranburugaz nuen borroka nagusia, bigarren posturako.

Gozotik gazira. Espainiako kros txapelketan ez duzu zeure onena eman eta 64. amaitu zenuen. 
Postu hobea lortzeko entrenatzen nebilen. Ez dakit ondo zer gertatu zitzaidan. Egun horretan ez nintzen mentalki gogor egon. Egia esan, lehenengoz parte hartzen nuen Espainiako txapelketa batean maila absolutuan, baina, hala ere… Blokeatu egin nintzen. Ez nago pozik egin nuenagaz. Erakutsi nuena baino gehiago neukala uste dut. 

Iaz Euskadiko Kros Liga irabazi zenuen 23 urtez azpiko mailan. Aurten lider zaude maila absolutuan. Liga azkenera arte lehiatzeko asmoa duzu? 
Ez dakit. Iaz egunerokoan murgilduta eta oso motibatuta nengoen eta ez nintzen konturatzen baina, orain, perspektibagaz begiratuta, iruditzen zait asteburu gehiegitan lehiatu nintzela. Beraz, ez dakit zer punturaino merezi duen liga lehiatzea. Beharbada aproposagoa izango da lasterketa solteak egitea, entrenamendu modura, eta indarra Euskadiko txapelketarako gorde. Oraindino erabaki barik daukat. 

Ez da sekretua krosa krisian dagoela. Afizioak, lasterketek, baliabideek… behera egin dute. Zuk zeure inguruan zelan bizi duzu egoera hori?
Ez dago kroslari asko. Ligan beti jende bera batu gara. Krosa, orokorrean, gainbeheran dago, eta emakumeen krosa oraindino okerrago dagoela esango nuke. Euskadiko txapelketan 160 bat gizon aritu ziren, eta emakumeetan 60 ere ez. Penagarria da, baina horixe da errealitatea.

Normalean, umeen kategorietan ume asko ibiltzen da krosean. Ni nahiko berandu hasi nintzen, DBHko hirugarren edo laugarren mailan nenbilenean, eta sasoi hartan gazte asko genbiltzan. Kontua da unibertsitatera joateko adinera heltzean, jende askok utzi egiten duela. Pena da. 

Zu ere bazabiltza unibertsitatean, gradu bi egiten gainera: negozioen kudeaketa, eta lan harremanak eta giza baliabideak. Pasatu zaizu burutik atletismoa uztea?
Ez. Pozik nabil eta jarraitu egingo dut. Mentalki behar dudan zerbait da. Atletismoak deskonektatzen laguntzen dit, eta ikasketei aurre egiteko energia ematen dit. 

Euskadiko kros liga egoera txar horri buelta ematen hasteko helburuagaz sortu zuten iaz. Lasterketak zirkuitu batean batzeak lagundu dezakeela uste duzu?
Lagundu dezake, bai, baina ligan gauza gehiago egin daitekeela uste dut. Beharbada sari ekonomikoak egotea pizgarri ona litzateke; liga irabazteagaitik edo Euskadiko txapelketa irabazteagaitik. Badakit atletismotik bizitzea oso gatxa edo ia ezinezkoa dena, eta badakit gaur egungo krosaren errealitatea zein den, baina pizgarri ekonomiko gehiago egoteak lagunduko lukeela uste dut. 

Aurrera begira, zer asmo duzu aurtengo denboraldian?
Pista prestatzen hasiko naiz. 1.500 eta 3.000 metroko probak. Distantzia horietan moldatzen naiz ondoen. Oraintsu, Donostiako Euskadiko txapelketan hirugarren izan naiz 1.500eko proban. Brontzea irabazi nuen. 

Dominen borrokan ibiltzea zenuen helburu?
Helburua nire marka hobetzea zen. Ez nuen lortu, baina oso pozik nago dominagaz. Nire markarik onena 4:41 da eta, posible bada, hori hobetzea eta 4:40tik bajatzea gura nuke aurten. Berdin 3.000 metrokoan; nire markarik onena 10:01 da eta hamar minututik jaistea gustatuko litzaidake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!