Berrizen bizi den Arantza Plazak jantziko dio txapela irabazleari, eta berak hartu du berba lehen. Txapela jartzeko gonbita "opari ederra" dela azpimarratu du prentsaurrekoan. "Harrituta jaso nuen proposamena, eta burutik hainbat irudi pasa zitzaizkidan, urteotakoak. Jarraian, hau, egin egin behar dut, esateko bulkada bat izan nuen", gehitu du.
Jarraian bertsolariek hartu dute berba. Aitor Bizkarra izan da lehena. Finaleko tentsioa nabaritzen hasi den arren, pozik iritsiko dela nabarmendu du, "aspaldiko txapelketa luzeena" egiten ari zaion arren. "Esaten da, soseguz eta freskotasunez abesteko asmoa edukitzen dela finaletan, baita finaletan gozatzeko asmoa egoten dela. Ez dut uste finalak bertsoez gozatzeko aukerarik onena direnik, ez behintzat bertsolarientzako. Jokora joateko eta onenak emateko asmoz nator". Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren finala izango da Gorka Pagonabarragarentzako ere. "Txapelketak hotz harrapatu ninduen hasieran, baina finala hurbildu ahala ilusioa pizten ari zaidala onartu behar dut. Finalerako geratzen diren egunetan gorabeherak izango ditut, baina ziur naiz gogotsu etortzea lortuko dudala". Txaber Altube abadiñarrak Bizkaiko Txapelketako lehenengo finala izango abenduaren 20a. "Orain artean ez dut lortu txapelketetan dibertitzea, baina oraingo honetako saioetan gozatu dut", azaldu du.
Balorazio positiboa
Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Belate Olabarria elkarteko kideak orain arteko txapelketaren balorazio oso positiboa egin du. "Antolaketa eta parte hartzea oso ona izan da, eta Bertso Eskoletatik ere prest agertu dira une oro". Geratzen diren sarrerak bertsosarrerak.eus atarian erosteko aukera dagoela gogoratu du Olabarriak.