"Plazetan konturatu gara folkean gaudela erosoen"

Maialen Zuazubiskar 2025eko abenduaren 1a

Haize-Arrosa taldeko kideak.

Eskualdeko seikote honek bide luzea egin du musika munduan. Orain, lan berri bategaz datoz. Haize-Arrosak Ahotsenean aurkeztuko du Magala lana, abenduaren 8an.

'Magala' diskoa kaleratu duzue oraintsu, zuen bigarren diskoa. Zelan definituko zenukete?
Eneritz Gorritxategi: Magala emakumeagaz, tradizioagaz eta transmisioagaz lotuta dago. Lehenengo diskoagaz alderatzen badugu, oso desberdina da. Lehenengoa apur bat elektronikoa zen, pop ikutu bategaz. Baina plazetan ibili garenean, konturatu gara gu folkean gaudela erosoen. Beraz, folkera salto egin dugu. Musikalki, diskoa folkaren oinarrian dago, baina estilo anitzekin aberasten da, "folk-fusioa" deitu daitekena: euskal folketik hasi eta runba, country eta balkan ikutuak barne. 
Edurtzeta Ania: Letrari garrantzi handia ematen diogu, eta abestiak transmititzen duen mezuari. Abestiak esperientzia propioetatik, emozioetatik, borroketatik eta kezketatik jaio dira. Gainera, musikari aldaketa ere izan dugu, eta horrek estiloa aldatzea ere eramaten zaitu. Adibidez, gitarra elektrikotik akustikora pasatzerakoan, gozotasun puntu hori igarri dugu, berotasun puntu hori. Eta biolinagaz borobildu egin dugu hori. 
E.G.: Horrez gainera, Magala diskoan kolaborazio dezente ere badago. Esaterako, Amama Winchester abestian Unai Iturriagak eta Igor Elortzak kolaboratu dute. Moonshine Wagon taldeagaz elkarlanean egindako Politte abestian, Durangaldeko dantza taldeak ageri dira. Oso eskertuta gaude.

Ezin da esan zuek geldirik egotekoak zaretenik. Taldea sortu zenuten, diskoa kaleratu zenuten, eta, aldiro-aldiro, bideoklipak ere ateratzen dituzue. Zer dela eta joera hori?
E.G.: Merkatua horrelakoa delako. Ez pentsa guk horregaz askorik disfrutatzen dugunik. Nahiko handi geratzen zaigu. Orain 20 urte jo eta ke ibili ginen, baina berriro heldu eta beste era bateko merkatua topatu dugu. Orain sare sozialak daude, dena bisuala izan behar da eta dena eskaini behar duzu momentuan.
E.A.: Dena oso arina da gaur egun, horixe da topatu dugun aldaketarik handiena. Gauza bat amaitzen duzunerako, hurrengoa izan behar duzu buruan. Hala sartu gara bideoklipen munduan, eta, egia esan, oso ondo pasatzen dugu. Baina lan handia da. 

Eta zelan datoz zuzenekoak?
E. G.: Abenduaren 5ean hasiko gara zuzenekoekin, Gasteizen, Jimmy Jazz-en; Aintzina Folk jaialdian Faltriqueira taldeagaz egongo gara. Abenduaren 8an Ahotsenean izango gara, eta, hortik aurrera, hainbat kontzertu izango dugu; aurkezpen kontzertu bira bat egingo dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!