Olazarren zuzeneko emankizunekin hasiko dira

Joseba Derteano 2025eko azaroaren 4a

Aingeru Bernaola finalerdietara sailkatzen ahaleginduko da.

Zaldibarko Olazar pilota txapelketa unerik beroenean sartzen dabil eta azaroaren 6tik aurrerako partidu guztiak zuzenean ikusteko aukera egongo da. Antolatzaileek zuzeneko emankizunak egingo dituzte eta anboto.org atarian ere ikusi ahal izango dira, 21:00etan.

Zuzeneko saioetan Aritz Gallastegi arituko da esatari lanetan, eta Enrike Agirrebeitia komentarista. Kalitatezko emankizunak izango dira, hainbat kamaragaz eta errepikapenekin. 

Final-laurdenak 
Eguen honetan binakako partidu bi jokatuko dira. Irabazleak finalerdietara sailkatuko dira. Batean Aingeru Bernaola mañariarrak jokatuko du, Iker Egigurenegaz. Oraintsu, Lezoko pilota txapelketa irabazi dute biek. Mañariarrak esan du "ilusioz, gogotsu, eta sasoi betean" dagoela. Badaki partidu gatxa izango dena, aurkariak Asperen orbitan dauden pilotari bi direlako: Apezetxea eta Santesteban. "Guk dena emango dugu aurrera egiteko", adierazi du. Binakako beste partidua honako hau da: Karregal eta Elorz Hormaetxeren eta Garmendiaren aurka. Bernaolak beste hitzordu garrantzitsu bat ere badu azaroan. 24tik 30era Nazioen Liga jokatuko du Bilbon, euskal pilota selekzioa ordezkatuta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!