Palestinaren aldeko kamiseta solidarioa atera dute Mendibeltz eta Gu Lagunak taldeek

Joseba Derteano 2025ko urr. 7a, 13:11

Kamisetak salgai jarri dituzte. Batutako dirua  UNRWAri emango diote, Gazara laguntza eraman dezan.

Durangoko Mendibeltz eta Gu Lagunak areto futbol taldeek bat egin dute ekimen solidario batean: Palestinaren aldeko kamiseta bereziak sortu dituzte. Bi klubek bigarren ekipazio gisa jantziko dituzte denboraldi honetan, eta, gainera, kamisetak salgai jarri dituzte. Batutako dirua UNRWAri emango diote, Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziari.

"Palestinan ematen ari den egoera tamalgarria ikusita bi taldeok bat egin eta maitasunez eta elkartasunez betetako kamiseta hau sortu dugu", azaldu dute klub bietako ordezkariek.

Kamisetak zelan eskatu

Kamisetetan Palestinari erreferentzia egiten dioten hainbat osagai ikusi daitezke. Tamaina guztietan daude eskuragarri: ume tamainatik XXLra. Prezioak honako hauek dira: lepoan izen barik: 25 euro; izenarekin edo zenbakiarekin: 28 euro; izenarekin eta zenbakiarekin: 30 euro.

Eskaerak datorren asteko martitzenera —urriak 14— arte egin daitezke. Hainbat modu daude: klub bien instagram kontuetatik, whatsapp bidez 686 397 750 edo 646 934 683 telefonoetan edo klub bietako ordezkariengana joanda. Eskaerak azaroko bigarren aste inguruan helduko lirateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!