Euskara praktikatzeko programa oparoa ikasturte honetan, AEKren eskutik

E.H. 2025ko ira. 22a, 07:30

Euskaltegiak Durangoko, Elorrioko, Abadiñoko eta Berrizko Berbalagun taldeak dinamizatzen jarraituko du, baita Mendilagun txangoak antolatzen zein Hiketalagun proiektua hauspotzen ere. Joan zen ikasturtean 500 jarduera baino gehiago antolatu zuen AEKk Euskal Herri osoan. 

AEKk Euskara zu zara goiburuagaz izendatu du ikasturte honetako eskaintza praktikoa, eta ekintza-sorta oparoa prestatu euskaldunen komunitatea osatzen eta saretzen jarraitzeko. Eskualdean, Durangoko, Elorrioko, Abadiñoko eta Berrizko Berbalagun taldeak dinamizatzen jarraituko du, baita Hiketalagun proiektua bultzatzen zein Mendilagun txango programa antolatzen ere. Azken horri dagokionez, urriaren 5ean egingo dute lehenengo irteera, Araba aldera.  

Era berean, orain arte antolaturiko ekintza sorta gogorarazi du AEKk. Joan zen ikasturteko Mintzodromoa, sukaldaritza ikastaroak edo Elkarrekin josteko eguna aipatu dituzte, besteak beste. Aurrerantzean ere, norabide horri eutsiko diote, euskara praktikatu edo euskaraz bizi gura dutenek horretarako hamaika aukera izan ditzaten. 

Euskara praktikatzeko saioetan parte hartu gura dutenek emanizena.praktikatu.eus atarian eman dezakete izena. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!